Leioako bost auzokide epaitu zituzten atzo goizean Bizkaiko Lurralde Auzitegian, Bilbon, tortura salaketa faltsuak egin izana leporatuta Ertzaintzak abiatu zuen auzian. Azkenean, erresistentzia eta irainak izan ditu Fiskaltzak, bi leioaztarren aurka 8 hilabeteko espetxe zigorra eskatu zuena, eta beste hirurentzat 500 euroko isun bana. Defentsak, ordea bost lagunen absoluzioa aldarrikatu zuen, torturak benetakotzat eta frogatutzat joz eta akusatuen jokamolde garbia erakutsiz. Aste batzuk barru espero dute epaia. 2010eko irailaren 14an, Ekinen aurkako sarekadaren barruan, Guardia Zibilak Erika Bilbao erandioztarra atxilotu zuen, Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailearen aginduz. Senideek eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduak tortura arriskuaz ohartarazi zuten eta, zoritxarrez, sarekadan atxilotutako guztiek torturatu zituztela salatu zioten magistratuari. Marlaskak, baina, espetxeratzea besterik ez zuen egin. Handik aurrera, tortura lekukotasunak zabaldu zituzten Bilbaoren senide eta lagunek Leioan zehar, manifestazioak, elkarretaratzeak eta agerraldiak eginez, artikuluak idatziz edota panelak jarriz. Horrelako erakustaldi batean zeudela, Ertzaintza bi auzokideri oldartu eta atxilotu eta beste bost lagun identifikatu zituen, Bilbao atzeman eta hamar egunetara. Argazkian, guardia zibilak Erika Bilbao atxilo eramaten Kurkudi kultur elkartea miatu ostean.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!