Gertaera horrek erakusten du, beste behin ere, protesta kriminalizatzen dela, oinarrizko eskubide zibil eta politikoak erasotzen dituztela eta, batez ere, Euskal Herriaren kontrako errepresio-tresna moduan Estatuko segurtasun-indarrek erabilitako torturaren salaketa kaletik ezabatzen saiatzen direla; areago gero eta pertsona gehiagok eskatzen diotenean espainiar estatuari polizia-etxean torturak saihesteko neurri zehatzak hartzeko.
Torturen Prebentziorako Europako Batzordearen txostenaren berri izan dugu aste honetan. Hamarnaka euskal herritarren salaketak jasotzen dituzte txosten horretan eta espainiar Estatua kritikatzen dute euren gomendioak ez gauzatzeagatik.
Euskal jendarteak argi utzi du, askotan, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren konponketa demokratikoaren alde dagoela. Eta bertan ez daukate lekurik ez errepresioak, ez torturak.
Leioako Sortuk leioaztarren absoluzioa exijitzen du, eta eskubide zibil eta politikoen urraketen kontrako herri harresia eraikitzera animatzen du. Soilik herri-presioak bermatuko du askatasun demokratikoak errespetatzea, prozesua ahalbidetuz, norantz eta proiektu politiko guztiak egingarriak izango diren esparru juridikorantz, independentzia barne.
Leioako Sortu