Herri harresirako deia egin du Urtza Alkorta ondarrutarrak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 9a, 12:11

Joan den apirilaren 18an zuen espetxera aurkezteko azken eguna Urtza Alkorta gazte ondarrutarrak. Hala ere, argi zeukan neskak: "Bila etorri beharko dute", esan zuen kartzelatze agindua jaso ostean. Herenegun gauean hura atxilotzen saiatu zen Ertzaintza, Ondarroako etxean. Atzo eguerdian berriz joan zitzaizkion bila, atxilotze aginduarekin, baina ez zuten atzeman. Ordubete eskasera agertu zen, sare sozialen bidez zabaldu zuen bideo batean, eta atxiloketa saihesteko herri harresirako deia egin zuen. Biharko jarri du ordua, 12:30ean, Ondarroako Alamedan. 2010eko otsailean atxilotu zuten Alkorta, Zunbeltz Bedialaunetarekin batera. Bi egun lehenago, beste bost lagun ere atxilotu zituen Ertzaintzak, eta zortzi egunez izan zituzten inkomunikatuta. Tortura fisiko eta psikologikoak salatu zituzten guztiek, eta erietxera ere eraman behar izan zituzten atxilotuetako bi. Geroztik Estremerako espetxean (Madril) izan zuten Alkorta. 2012ko uztailean atera zen handik, Espainiako Auzitegi Nazionalak ezarritako bost urteko zigorraren erdia beteta. Auzitegi Gorenean helegitea jarri zuen Alkortak, eta joan den otsailean berretsi zioten zigorra. Argazkian, Argazkian, Ertzaintza Donostiako Aske Gunea setiatzen apirilaren 20an / cc-by-nc-sa Gari Garaialde - Bostok Photo.

Urtza Alkortak atzo zabaldutako deia (© Berria TB)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun