Kepa Miñambres, Garapen Lankidetzarako zinegotziak herritarrak proiekziora joatera animatu ditu, “han Kongoko Errepublika Demokratikoko errealitatea hurbiletik ikusi ahal izango dutelako, hau da, munduko herri txiroenen artean dagoela, aberastasun handiak edukita”. Ildo horretan, zinegotziak gogoratu du herrialde horretan Alfonso Saiz apaiza izan zela hainbat urtetan eta gaur egun Algortako San Martin de Tours elkarteak segitzen duela proiektuak gauzatzen Kansenian. Bestalde, Itzubaltzeta / Romoko ECCA Romo elkarteak ere proiektu batzuk garatzen ari da Kinshasan, hiriburuan.
Unai Aranzadiren ustean, komunikazio tresnak erabiliz aldaketak eragin daitezke eta horregatik bere lanaren parte handi bat marjinatutako gerrak eta ukatutako edo ezkututako sufrimenduak erakusteari ekitean datza. “Nire lana istorioak kontatzea da, gerratan gertatzen diren istorioak. Izan ere, gerrok, azken muga-kutsua daukate, eta hau oso baliagarria izaten da bene-benetako izaerara heltzeko, hau da, gizadiaren jatorrira. Horretarako inguruan eta protagonistekin harreman zuzena edukitzen saiatzen naiz. Lan horretan hedabideek garantzi osoa dute, popularrak eta askatzaileak izan behar dira eta botereari aurre egin behar diote, ez dutelako egitura injustuak iraunarazten lagundu behar” gehitu du Aranzadik.
Dokumentalaren irudiak iazko irailean eta urrian grabatu zituen Unai Aranzadik, hiru astetan, aurre produkzioaren eta produkzioaren osteko lana burutzeko hilabete gehiago behar izan arren. Jaialdietara eta giza plataformetara eramateko asmoa du orain, horietatik, Unesco Etxearekin batera, justizia sozialeko bakearen alde lan egin ahal izateko. “Ilusio handia egiten dit dokumentala nire herrian estreinatzeak, orain arte ez dudalako inoiz etxean ezer estreinatu, beraz, egun berezia izango da, nire jendearekin” amaitu du kazetariak.
Biografia
Unai Aranzadi (1975) kazetari eta errealizadore getxoztarra da, gatazka armatuetan eta giza eskubideetan espezializatua. Zinema New Yorkeko Unibertsitatean ikasi zuen eta Argazki-Kazetaritzako diplomatua da Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan. Hamaika gerraren berri (Libia, Txetxenia eta Ingushetia, Irak, Kolonbia, Palestina…) eman du, BBC, CNN+, ETB edo TVE telebistetarako eta "La Jornada", "El Pais", "Gara" edo Reuters egunkariekin kolaboratu du, besteak beste. 2001 urteaz geroztik Suediako Estokolmon dagoen Independent Docs TV produkzio-etxea zuzentzen du eta han bizi da. Orain arte burututako dokumentalen artean daude “Blackout” (2004) Estatu Batuek Iraken ezarritako okupazioari buruzkoa (Al Jazeerak igorrita); “La guerra de los niños” (2005) Ugandako Iparraldeko ahaztutako gatazkako ume soldaduei buruzkoa (Canal+ izenekoak igorrita) eta “Nosotras Centroamericanas”, Erdialdeko Amerikako emakumeen kontrako indarkeriari buruzkoa. Azken horrek Medicus Mundi entitatearen giza eskubideen saria irabazi zuen.