Azken asteetan Leioa eta Erandioko campuseko ikasleek egin dituzten protestak direla eta, Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibusen prezioa jaistea aztertuko du. Metro Bilbaoren antzeko "gazte txartela" ezarri lezakete, "El Correo Español" egunkariak argitaratu duenez. Bidaia merkatzeko aukera badago ere, Aldundiak adierazi du "ezin dutela askorik egin, oraingo prezioa kostuaren %20 baita". Halaber, ukatu du autobusek baimendutako bidaiari kopurua gainditzen dutenik. Bitartean, konpontze bidean da Bizkaibuseko lan gatazka, campuserako zein Ezkerraldeko lineei dagokienez. Apirilaren 22an lanuzteak hasi zituzten langileek, baina bertan behera uztekoak dira. Izan ere, akordiorako oinarria lortu du langilek batzordeak TCSA-ALSA enpresarekin. Langileen batzarrak baiezkoa ematea baino ez da falta. Oscar Bajo bozeramaileak jakinarazi du, pozik daudela. Besteak beste, benetako KPIaren araberako soldata igotzea aurreikusten du, baita hitzarmen hau denboran luzatzea besterik onartzen ez den arte. Enpresak, beraz, ezingo du hitzarmen hori bertan behera utzi, sindikatuekin akordioa lortzen ez badu. Argazkian, atzoko protesta Bilboko foru jauregian / © Ikasle Abertzaleak.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!