Beraz, Urdulizko 195 familia eta hainbat saltoki eta ostalaritza-lokal ari dira edukiontzi marroira bota daitezkeen hondakinak batzen, eta dagoeneko edukiontzi horiek erabiltzen hasi dira. Bosgarren edukiontziak urduliztarren artean izan duen "harrera ona" dela-eta, Udalak bigarren faseari ekiteko aukera aztertuko du, Urdulizen edukiontzi marroi gehiago jartzeko eta, horrela, bilketa-guneak areagotzeko. Mota honetako hamar edukiontzi jarri dira udalerriko zenbait puntutan: Zuberoan (1), Marutzen (2), Eleizalden (1), Krutzejadan (1), Errementariñen (2), Intxurondon (1) eta Kareabin (2). Hain zuzen ere, maiatzaren 2an (osteguna), Udalak herriko hamar edukiontzietara botatako hondakinak batu zituen lehen aldiz. Une horretatik aurrera, hondakinak astero batuko dira; ostegunetan, zehatzago esateko.
Izena emateko aukera
Nahi duenak birziklapen-sistema hori erabiltzen hasteko aukera du oraindik. Horretarako, Urdulizko Kultur Etxera joan beharko du; bertan, izena ematearekin batera, kita jaso ahal izango du. Gainera, dagoeneko izena eman dutenek baina oraindik edukiontziak irekitzeko giltzarik edo konpostatze-poltsarik ez dutenek hantxe bertan jaso ditzakete, euren izena zein den esanda. Materiala dohainik banatuko da, izakinak amaitu arte.
Kanpaina arrakastatsua
Bosgarren edukiontzia jarri aurretik, Udalak informazio kanpaina egin zuen herrian, ekimena ezagutzera emateko asmoz eta ahalik eta herritar gehienek bat egin zezaten proiektuarekin. "Kanpaina amaituta, balantzea oso positiboa da; izan ere, edukiontziak jarri diren auzoetan bizi diren Urdulizko 195 familiak egin dute bat ekimenarekin", azaldu dute udal arduradunek.
Kanpaina martxoa eta apirila bitartean egin zen, eta, horri esker, urduliztarrek zenbait modu izan dituzte parte hartzeko. Bi webgune prestatu ziren –www.5edukiontzia.com (euskaraz) eta www.5contenedor.com (gaztelaniaz)–, eta ekimenarekin bat egiteko zenbait gune ere atondu ziren. Hain zuzen ere, bosgarren edukiontzia ezartzeko lehenengo fasearen parte izan diren Urdulizko auzoetako atarietan kartelak jarri ziren, eta bertan adierazi zen non zeuden gune horiek. Bat egiteko puntu horiek udaletxea, Kultur etxea eta zenbait lokal (11 guztira) izan ziren; hain justu, edukiontzi marroiaren bitartez birziklatzen diren hondakinak lokal mota horietan sortzen dira: fruta-dendetan, okindegietan eta jatetxeetan, alegia.
Puntu horietan guztietan, herritarrek informazio-liburuxkak izan zituzten, bai eta izena emateko fitxa eta berau sartzeko kutxa ere. Gainera, lokal horien arduradunek kanpainaren irudia duen amantal bat eraman dute, urduliztarrek etengabe eta modu dinamikoan ikus zezaten.
Era berean, informazio-kartelak jarri ziren Urdulizen dauden hiru totem edo MUPI direlakoetan, eta stand ibiltari batek udalerriko trafiko handieneko guneak bisitatu zituen apirilean, bizilagun guztiak jakinaren gainean egon zitezen 5. edukiontziaren inguruan eta udal-ekimen honekin bat egitearen garrantziaren inguruan.
Konpromiso onuragarria
Edukiontzi marroia ezarri eta erabiltzeak "onura handia" ekarriko du ingurumenaren aldetik; hain zuzen ere, konpostajearekin kalitate bikaineko ongarria lortuko da, zaramak gutxituko dira eta atmosferara isurtzen den CO2-a murriztu egingo da, tokiko agintarien hitzetan. Onura horiek guztiek, era berean, eragin ekonomiko positiboa izango dute herrian, biltzeko sistema horrekin Udalak aurreztu egingo duelako.
Hori gutxi ez, eta edukiontzi marroira botatzen diren hondakinak Artigako Konpostategira eramango dira, eta, han, mendi, parke eta berdeguneetarako ongarri bihurtuko dira.
Urdulizko Udalak bi helburu lortu nahi ditu bosgarren edukiontziarekin: alde batetik, hondakindegira eramaten den zarama organikoaren bolumena murriztea, eta, bestetik, mota horretako hondakinei ematen zaien erabilerak ingurumena errespetatzea.