Senideek atzo kaleratu zuten oharraren arabera, Sanzi hilabete bat edo falta zaio Oier bere eta Xabi Moreno mutil-lagun eta preso politiko sopeloztarraren semea erditzeko. Halere, Moreno Villabonan mantendu dute, Sanz eta Oierrengandik banatuz. Azken 15 urteotan espetxe berean izan da beti bikote sopeloztarra, Alcala, Soto del Real, Zuera, Picassent edo Villabona zela.
Senideek gogoratu dutenez, Oierrez haurdun lotu zenean, Villabonan amentzako modulurik ez dagoenez, bertatik lekuz aldatuko zutela esan zioten Olga Sanzi. Orain arte, baina, haurdunaldiaren jarraipen osoa Oviedoko ospitalean egin diote eta martxoan epaileak hitza eman zion ospitale horretan erdituko zuela, ondoren amaren modulua duen Madrilgo Aranjuez espetxera lekuz aldatuko zituztela bera, semea eta mutil-laguna. Apirilean, ordea, Aranjuezera berehala eramango zutela esan zion kartzelero batek. Gainera, umea Asturiasen izatekotan, "haurra erretenituta geldi zitekeela egun edo hilabete batzuk, espedientea itxi arte" eta horrek atzeratuko zuela Aranjuezerako bidaia.
Haurdunaldia iraun duen denboran zein aurreko urteetan ere, EPPKtik aldentzeko agiria sina dezan presionatu dute Sanz, familiak azaldu duenez: "Haurdunaldia, lekuz aldatzea, haurtxoa erretenitzea, bere mutil-lagunarengandik banatzea... behin eta berriro erabili dituzte sinatzen behartzeko".
Familiak zehaztu duenez, hainbat dira Oier, Sanz eta Morenori urratutako eskubideak: espetxealdiak zigor erantsirik ez eragitea, espetxe zigorra sorburutik hurbilen dagoen espetxean betetzea, haurdunaldia baldintza fisiko, psikologiko eta afektibo onetan izatea, amak haurdunaldia mutil-laguna den haurraren aitarekin partekatzea, familia batuta mantentzea, aitak bere neska-lagun eta semearekin egotea eta, garrantzitsuena, haurrak ama eta aita alboan izateko eskubidea.