Arkaitz Goikoetxea Basabe preso politiko getxoztarrari 20 urteko espetxe zigorra ezarri dio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Zigor Arloko hirugarren epaitegiak, 2008ko maiatzaren 19an ETAk
Areetako Abrako Errege Itsas Klubaren aurka burututako atentatuaren egilea delakoan.
Europa Press albiste agentziak zabaldutakoaren arabera, Alfonso Guevara, Guillermo Ruiz Polanco eta Clara Eugenia Bayarri epaileek "frogatutzat" jo dute bonba furgoneta Azkorriko lagunak jarri eta berak eman zuela abisua telefonoz. Hori dela eta, "hondamen terrorista eta ibilgailu lapurreta delituak" leporatzen dizkiote Goikoetxeari. Gaur kaleratutako sententziak diotenez, "Poliziaren aurrean egindako deklarazioetan akusatuak berak onartu zuen ekintza terrorista hori burutu zuela eta horrela berretsi zuen epailearen aurrean". Azkorrikoak zein 2008ko uztailaren bukaeran atxilotutako beste bederatzi lagunek Guardia Zibilaren aurrean jasandako
"tratu txarrak eta torturak" salatu zituzten, Askatasunak zabaldu zuenez. Argazkian, burua estalitako hainbat ertzain Abrako Errege Itsas Klub inguruak miatzen, atentatua gertatu eta egun batera.