EH Bildu: "Urkulluk euskal presoei jartzen dizkien baldintzak mehatxu eta xantaia bihurtzen dituzte Madrilen"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 10a, 22:07

Presoen oinarrizko eskubideak errespetaraztearen alde, EH Bilduk espetxe politika errotik aldatu beharra planteatu du gaur Legebiltzarrean, eta Urkullu lehendakaria gai honetan erakusten ari den jarrera gaitzetsi du, "legea zorrotz betetzea exijitu beharrean, euskal presoei baldintzak jartzen dizkielako eta modu horretan euren eskubideak betearazteko premiazkoak diren urratsak ematea eragozten ari delako", Julen Arzuagak salatu duenez. EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi duenez, "legea betetzea aski litzateke euskal presoak Euskal Herriratzeko eta horietako asko berehalakoan kaleratzeko, baina Urkulluk, espainiar Gobernuari bere legea betetzeko exijitu ordez, presoei beraiei jartzen dizkie baldintzak, damu daitezela eta egindako mina aitor dezatela, alegia". Horren harira, Arzuagak "berez errespetatu beharrekoak diren presoen eskubideak betetzeko baldintzak jartzea" leporatu dio lehendakariari, "eskubideak bete ala ez ezin daitekeelako egon interes politikoen menpe". Arzuagak Urkulluri gogorarazi dio berak presoei jartzen dizkion baldintzak espainiar Gobernuak presoei mehatxu eta xantaia egiteko erabiltzen dituela, eta Olga Sanz presoaren kasua aipatu dio horren adibide gisa. Argazkian, Julen Arzuaga eta EH Bilduko beste legebiltzarkide batzuk izan dira gaur Herrirak egindako elkarretaratzean / cc-by-sa EH Bildu.

Sanzen bikotekidea ere preso dago eta biak izan dira beti espetxe berberetan, baina orain, haurdun dagoela, bere haurrarengandik eta gizonarengandik aldentzearekin mehatxu egin diote, Euskal Preso Politikoen Kolektibotik desmarkatzen ez bada. "Horrelako mehatxuak, xantaiak eta koakzioak ahalbidetzea" egotzi dio, beraz, EH Bilduko legebiltzarkideak lehendakariari, "horixe baita presoei baldintzak jartzearen emaitza".

Espetxe politika malgutzeko Rajoyri egin dion proposamena zehazteko eta argitzeko eskatu dio Arzuagak Urkulluri, baina ez du erantzunik jaso. EH Bilduren ordezkariak salatu duenez, "lehendakariak orokorkeriak baino ez ditu aipatu eta, azalpen zehatzak emateari uko eginez, euskal jendarteari berari eman dio bizkarra, herritarrek bere planteamenduak ezagutzeko duten eskubidea aintzat hartzen ez duelako".

Bestalde, Julen Arzuaga bera eta EH Bilduko beste hainbat legebiltzarkide izan dira Herrirak Legebiltzarraren aurrean egindako kontzentrazioan, eta Herrirak hil honen 18rako deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.

EH Bildu
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun