Eskubide sozialen aldeko plataformak esku-orri asko bota zituen airera, lurrak hartu zituela. Botatako galderak, berriz, inork ez zuen erantzuteko ardura hartu. Besteak beste, "zuen ustez gutxieneko soldata eta astean 10 orduko kontratuari, horri deitu ahal zaio lanean egotea? Badakigu horiek ez direla langabezi estatistiketan sartzen, baina dirua ailegatu ere ez!", salatu zuten irmo.
Azaldu zutenez, enplegua ez ezik Lanbidek eskubide sozialak ere urratzen ditu, "hartzailearen gainean kriminalizazioa eta fraude susmoa izaten baita, eta askotan Onarrizko Errenta bertan behera uzten dizkigute arrazoirik gabe, aldez aurretik esan gabe, edota dirulaguntza txarto edo erabiltzeagatik... hori 600 eta piku euroengatik, eta bitartean bankuei milioikako erreskateak eta burgesiak ez du zergarik ordaintzen paradisu fiskalei esker, lotsagarria gero", nabarmendu zuten.
Horregatik, gaurko martxetan parte hartzera deitu dute. 10:30ean abiatuko dira Erandioko metro geltokitik (Erandio, Leioa eta Itzubaltzeta / Romo) eta Urdulizeko udaletxetik (Algorta, Berango, Sopela, Urduliz, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoiz), eta 13:00etan elkartuko dira Algortako Teiletxe plazan, ondoren manifestazio handi batekin bukatzeko. Uribe Kosta eta Erandioko 24 eragilek bat egin dute manifestuarekin eta martxarekin eta larunbatera bitartean atxikimenduak jasotzen jarraitu dute, Enplegu duin, Eskubide Sozial eta Ondasunen banaketaren aldeko Uribe Kostako Koordinakundeak adierazi duenez.
"Orain arte manifestua osatzen eta atxikimenduak jasotzen egon gara. Une honetan beste urrats bat ematera goaz, guztion artean osatutako errebindikazio taula borrokarako tresna bilakatuko dugu, eta larunbatean ahalik eta jende gehien mugitzea berebiziko garrantzia izango du maiatzaren 30eko hurrengo geltokiari begira", azaldu du Enplegu duin, Eskubide Sozial eta Ondasunen banaketaren aldeko Uribe Kostako Koordinakundeak.
Aipatu ekimenen deitzaileen artean honakoak daude: Erandioko Langabetuen Asanblada, Erandioko Gazte Asanblada, Erandioko Udaleko Langile Batzordea, Leioako Langabetuen Asanblada, Leioako Gazte Asanblada, Leioan Bagabiz, Leioako Udaleko Langile Batzordea, Erromo Duin, Erromoko Hintxak, Itzubaltzeta / Romoko Jai Batzordea, Itzubaltzeta / Romoko Auzokideen Elkartea, Berangoko Langabetuen Asanblada, Sopelako Plaza Beltza kultur-gunea, Urdulizko Iraupen elkartea, Plentzia eta Gorlizko Gazte Asanblada, ELA, LAB, STEE-EILAS, ESK, Ernai, Gazte Komunisten Kolektiboa, Bilgune Feminista, Uribe Kostako LZPren aurkako asanblada eta Uribe Kostako M15 Mugimendua. Horretaz gain, ekimenekin bat egin dute ondoko enpresatako LABen ordezkariek: Mastitxu Leioako udal euskaltegia, DHL Leioa, Cables y Alambres (Erandio), SMA Sistemas Mecanicos Avanzados (Erandio), Mecaner (Urduliz), Arlan (Erandio), Cocina Central Goñi (Erandio), Embalatap (Sopela), Dismodel (Sopela), Vicrila (Lamiako), Getxoko Udala eta Sanitas Loramendi (Leioa).
Lanbide eta Seperen okupazioa argazkitan
Enplegu duin, Eskubide Sozial eta Ondasunen banaketaren aldeko Uribe Kostako Koordinakundeak zabaldutako informazio orria (jpg)