Sopelako Koadrila Eguneko kartela

Orain bi urte gertatu bezala, gaur Sopelako zein Itzubaltzeta / Romoko koadrilen egun nagusia batera izango da, nork bere herrian ospatuko duela. Biek ala biek eguraldi paregabeaz gozatu ahal izango dute. Sopelako Koadrilen Koordinakundeak ez du ezer antolatu goizean zehar, nahi duenak eskubide sozialen aldeko Uribe Kostako plataformaren martxekin bat egiteko aukera izan dezan. Gauzak horrela, 14:00etan hasiko dira horma-irudia eginez. Ostean, sabela betetzeko ardura hartuko dute herri bazkaria dela medio. Halere, txartela dagoeneko erosi ez duenak erreguka hasi beharko du, aulkiren librerik lotu bada eskuratzeko. Bazkalostean, koadrilen arteko jolasak eta poteoa izango dute, DJ Ltz-k girotua. Gazte Asanblada Sopeloztarra pozik agertu da "koadrilen arteko harremanak indartzeko asmoz" haiek sortutako ekimena "urteak pasa ahala indartzen joan" delako. Itzubaltzeta / Romon ere, bertako jai batzordeari lekukoa hartu dio herriko Koadrilen Batzordea eta horiek antolatu dute aurtengo 8. Koadrila Eguna. Argazkian, iazko Itzubaltzeta / Romoko Koadrila Eguneko argazkia.

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!