Bihar, igandearekin, 30. urteurrena ospatuko du
Herri Urrats Ipar Euskal Herriko ikastolen jaiak. Hori dela eta, "Hogeita abar urte" lelopean, makina bat ekitaldi antolatu dituzte
Seaskako kideek Senpereko lakuaren inguruan. Duela 30 urte Kanboko Xalbador Kolegioa eraikitzeko abiatu zuten Herri Urrats proiektua, eta ikastetxe hori berritzeko erabiliko dute aurten bilduko den dirua. Goizeko 10etatik iluntzera arte, umeentzako jolasak, bertsolariak, dantzaldiak, erakusketak eta kontzertuak izango dira Senperen, zer jan eta zer edan ere ez dela faltako. Besteak beste, The Sparteens, Amaren Alabak, Anai Arrebak, Niko Etxarte eta Hapa Hapa,
2zio eta Irrien Lagunak ikusgai izango dituzte bertaratuko diren milaka lagunek. Izan ere, "Herri Urrats jendetsu bat izatera kondenaturik gaude, dirua lortzeko bide bakarra da eta jendearen sostengua behar-beharrezkoa dugu", azaldu dio Hamaika Telebistari Paxkal Indo Seaskako lehendakariak. Egoera larrian da Seaska eta larria da ere euskararen egoera Ipar Euskal Herrian: "Hiztunak zahartzen ari dira, ez dago familiarteko trasmisiorik eta soilik Seaskako umeek ikasten dute euskara Iparraldean". Horretaz gain, ofizialtasun ez du bertako hizkuntzak eta Frantziak makina bat traba jartzen du. Horiek guztioiek kontuan hartuta, euskaldun eta euskaltzale guztiei bihar Senpereko lakura hurbildu eta "euskararen alde borrokatzeko" deia luzatu die Paxkal Indok. Argazkian, The Sparteens taldeak Araba gunean joko du bihar, 14:00etan / © Remi Riviere - Gor.