Uribe Kosta eta Erandioko M-15 mugimenduaren asanbladak gaur "Zuen etekinak, gure miseria!" lelopean Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du. Martxa Jesusen Bihotz plazatik irtengo da, arratsaldeko 6etan. Izan ere, datorren asteazkenean bi urte beteko dira Espainiar Estatuan zein Hego Euskal Herrian aldarrikapen mugimendu hori jaio zenetik. Bizkaiko M-15 mugimenduaren iritziz, "ekonomiaren eta legeen arloetako politikak direla-eta, egungo egoera sostengaezin eta jasanezin" bilakatu dela. Horregatik, "berriro ere, plazak eta kaleak topagune gisa" aldarrikatu nahi dituzte. “Gure eskubideak eta askatasunak murrizten dituzten arazoei egiazko konponbidea guztion artean aurki dezakegula sentitzen dugun lagun guztien bilgune” izan daitezen. Uribe Kostan, 2011n udalerri mailako asanbladak sortu ziren Sopelan, Leioan eta Getxon. Erandion ere batzarren bat izan zen. Guztira, 200 bat lagun bildu ziren hastapeneko batzar haietan. Egun, berriz, antzinako asanblada guzti horiek Uribe Kosta batzar bakarrari lekua utzi diote, parte hartzea egonkortu da eta 10-20 pertsona bildu ohi dira ostegunero 19:30ean, Areetako Xake plazan. Halere, gehiago izaten dira antolatzen dituzten ekimenetan. Argazkian, Agate Deuna suminduaren abesbatza pasa den otsailean / © Uribe Kostako M-15.