Filmak "zinemagintza, kazetaritza eta aktibismo politikoa uztartzen ditu lan honek munduko interes politiko eta geopolitikoen bidegurutze nagusian: Palestinan", Axier Lopez "Argia"-ko kazetariak azaltzen duenez. Kontakizunaren kokapena Zisjordaniako Bil’in herria (Palestinako herri ezaguna, okupazio israeldarraren aurrean herritarrek gaur egun arte erakutsi duten erresistentzia gaitasunagatik) da eta dokumentalaren haria, Emadek 2010era arte izandako bost kameren bizitza laburra dugu. 2005ean, lehen semearen jaiotza grabatzea helburu zuen kamera laster bere inguruan gertatzen zenaren testigu emaile bilakatu zuen. Israelgo armadak bata bestearen atzetik apurtzen dizkio kamerak eta honek bizkortzen du nekazaria kazetari aktibista bilakatzeko prozesua, filmean hain ongi islatzen dena.
Haren baserri inguruetan grabaturiko irudiekin zein auzo-lagunen testigantza zuzenekin, Emadek Palestinan Israelgo Estatuaren kolonizazio prozesua eta palestinarren lurraren espropiazio bortitzaren kontakizuna sortu du. Oso era gertuan kontatzen ditu, Palestinan izateko aukera izan dugunontzat entzun eta ikusitako ohiko gertaerak: nekazarien sostengu nagusia diren olibondoen suntsiketa, harresi bitartez lurra arian-arian zatitzea, buldozerren aurreko erresistentzia, Israelgo armadako kide gazteen harropuzkeria, palestinarren arteko komunitate zentzua… Gatazkaren ikuspegi orokorra lortzeagatik saria eskura dezakeen proiektu pertsonala, azken batean. Anekdota moduan, filmean Euskal Herritik joandako joaldunak ere agertzen dira.
Filmaren aurrerakina (ingelesez, © Emad Burnat - Guy Davidi)