Pasa den ostegunean, Maria Angeles M. eta Agustin G.
senar-emazteen gorpuak aurkitu zituzten Gasteizko Lakua auzoko etxebizitza batean. Zenbait egun zeramatzaten hilda eta Segurtasun Sailak ezin izan zuen baieztatu genero indarkeria kasua izan ote zen edo bikoteak beren buruaz beste egin zuen. Andrak 53 urte zituen eta gizonak 61. Bi hipotesiak ikertzen dabil Gasteizko 4. Instrukzio Epaitegiak. Halere, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak zabaldu duenez, "eskuartean darabilten hipotesi nagusia da gizonezkoak emaztea hil duela eta gero bere buruaz beste egin duela. Beraz, indarkeria sexista kasua izanik, mobilizatzera deituko dugu jendartea". Uribe Kostan, dagoeneko Algortako
Bilgune Feministak gaurko, astelehena, deitu du elkarretaratzea Telletxen, arratsaldeko 7:30ean. Gaurkoa bigarren aldia izango da aurten emakumeen erailketa sexista salatuko dena.
Aurrekoa otsailaren 2an izan zen, Antsoainen urtarrilaren 31n labankadaz eraildako 43 urteko M.M.O.-ren heriotza salatzeko ekimena. Kasu hartan, bertsio ofizialak baztertu egin zuen bortxakeria matxistaren hipotesia. Argazkian, 2012ko azken elkarretaratzea azaroaren 29an izan zen, Tere Egurrola Asparrenako emakumearen
ustezko erailketa salatzeko.