
Elkartasun eskaera ate joka dabil. "London callin" The Clash-en kanta mitikoan "Londresek urruneko herriak deitzen ditu / gerra deklaratu da - eta bataila hurbiltzen doa" entzun dugu hamaika bider. Baina, oraingo honetan, Ondarroak deitu du eta ez urruneko herriei, Uribe Kostari baizik, desobedientzia zibilean aritzeko. Atzo igorri zuten gaurtik biharko arteko gaua Ondarroan emateko gonbidapena
Aske Guneko kideek, Whatsapp-ez, twitterrez, Facebookez eta hamaika sare sozial gehiagoz. Pixkanaka-pixkanaka badoaz ere baiezko erantzunak agertzen. Gorliz eta Plentzian 18:00etan jarri dute hitzordua, ohiko lekuetan. Leioatik, ordea, bi deialdi heldu zaizkigu: 21:00etan eta 21:30ean.
Bart hirutan joan da Ertzaintza Aske Gunera, baina ez dute Urtza Alkorta atxilotzen lortu. Bertaratutakoek zubi harresia osatu dute lehen aldiz, Zubi Zaharrean, Ertzaintzak Alkorta atxilotu eta Espainiako Auzitegi Espainolaren esku utz ez dezan.
Ostiralean bildu zen herri harresia. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak berretsi zuen atzo Ertzaintzak Alkorta atxilotzera joango dela "operatiboki egoki jotzen duenean". Astegunetan saiatuko direla iritzita, eskualdeka txandak abiatzea erabaki dute Ondarroan. Lehenengoa uribekostarrei egitea eskatu diete, gaurtik bihar arteko gauean. Argazkian, Laura Mintegi legebiltzarkide algortarra izan zen atzo Alkortarekin Ondarroan / © Eneko Ander R.