Gaur, Algortako Bilgune Feministak
Gasteizko andra baten ustezko erailketa salatzera deitu duenean, Getxoko Udaltzaingoak emakumeen aurkako bortxakeriaren kasu berri bat zabaldu du. Udal iturrien arabera, Getxoko Udaltzaingoak 32 urteko gizon bat atxilotu zuen atzo, igandean, goizaldeko 2:30ak aldera, genero indarkeriaren ustezko delitua egiteagatik. Aurretik, biktimak berak deitu zuen Udaltzaingo-etxera agresioa salatzeko. Eztabaida baten ondoren, bere bikotekideak eraso egin ziola esan zien emakumeak. Udaltzainak udalerriko etxebizitzara joan ziren eta han aurkitu zituzten emakumea eta gizona. Poliziek emakumea Gurutzetako erietxera eraman zuten eta han arinak ziren zauriak sendatu zizkioten. Ustezko erasotzailea atxilotu zuten eta Getxoko Udaltzaingo etxera eraman zuten, ondoren epailearen esku uzteko helburuarekin. Argazkian, emakumeenganako indarkeriaren kontrako elkarretaratzea Algortan, artxiboko irudian.