Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Mikel Buton Ernairen bozeramailea auziperatu du, gazte antolakundearen webguneko arduradun politikoa delakoan.
Topatu.info-k zabaldu duenez, Buttonek Irungo auzitegira joan beharko du deklaratzera, "Terrorismoa goratzea" leporatuta.
Ernairen webgunea "lineaz kanpo uztea", hots, ixtea, agindu zuen Velascok apirilaren 26an, Xabier Lopez Peña euskal presoa zena atari horretan goraipatzea eta beraz, "ETAko buruzagi eta erakunde horretako partaide" bat goratzea leporatuta webguneko arduradunei, tartean Aitor Ortuondo
Ekostat Informatica SL Gorlizko enpresako langileari. Halere, Velascok atzera jo eta
auzitik at utzi zuen Ortuondo. Horren ordez, magistratuak edukien arduradunak bilatzea agindu zion Espainiako Poliziari eta horiek emandako txostenean oinarrituta Button auziperatu du. Espainiako Poliziak Nafarroan duen goi agintaritzak eta Lurraldeko Informazio Brigadak egindako ikerketa batean oinarrituta zegoen webgunea ixteko erabakia. Irudian, Velascok salatutako irudia / © Ernai.