Ondarroako herri harresitik Uribe Kostako auzokideei bertaratzeko gonbidapenari erantzunez, eskualdeko dozenaka lagun hara joango dira. Dagoeneko, Gorliz eta Plentzian 18:00etan jarri dute bidaia egiteko hitzordua, ohiko lekuetan. Leioatik, ordea, bi deialdi heldu zaizkigu: 21:00etan eta 21:30ean. Bestalde, Sopela eta Erandiotik ere, hainbat lagunek iragarri dute sare sozialen bidez hara hurbilduko direla. UKBERRI.NETek Uribe Kosta eta Erandioko txanda horren informazioa bertatik emango du, zuzenean, Twitter eta Facebook sare sozialez zein UKBERRI.NET webgune honetan bertan. Bitartean, Ondarroan herri harresiko egitarauak aurrera jarraitzen du. Orain dela gutxi, Igor Elortza eta Arkaitz Estiballesek bertso saioari ekin diote. Arratsaldeko 7etan, berriz, kontzertua izango da Sen taldearekin. Haien ostean Su Ta Garrek joko du. Argazkian, herri harresiko kideek atzo emandako prentsaurrekoa / © Ondarruko Herri Harresixe.