Goizeko 5:45ean, esna dago Ondarroan Urtza Alkorta gazte zigortua atxilotu ez dezaten sortutako Aske Gunea, herri edo zubi harresia. Asko gozaltzen ari da orain. Beste asko berbetan da, goitik behera estalita hotzari aurre egiteko, asko eta asko mantetan bilduta. Balizko ertzainen etorrera dela eta 4:30ean esnatu dituzte antolatzaileek, lasaitasunez baina artez, zubia har zezaten. Bertan Alkorta zaindu eta irmo bere inguruan eusteko, "baina inolako probokaziotan erori gabe", mikrofonotik ohartarazi dutenez. Ehunaka lagunek erantzun diote lasai-lasai herri harresia zubian zehar osatzeko asmoz. Ertzainen furgoneta bi irten dira Mutrikutik, baina ez dira Ondarroara heldu, atzerako bidea hartu dutelako. Patruila bat besterik ez du zeharkatu Calatravak eginiko zubia, distantziaz. Gauean zehar, beste alarma txiki bat sortu da goizaldeko 2ak aldera, Mutrikutik ere ertzainen patruila bat hurbildu denean. Hor ere, Jendea altxatu, zubira igo eta han lotu dira baieztatu arte ertzainek alde egin eta Ondarroako ertzain-etxera joan direla. Argazkian, Zubi Zaharreko goiko aldea, 2etako zubi harresian.