Itzubaltzetako Emakume Asanbladak antolatuta, gizontasunari buruzko hitzaldia izango da gaur Itzubaltzeta / Romoko Gobela kiroldegian. Hitzordua arratsaldeko 6:30ean jarri dute eta ekimena gizonezkoei zuzenduta dago. Erabat doakoa da. Jarduera aurrera eramateko, IEAk Bilboko
Piper Txuriak berdintasunaren aldeko gizon taldearen laguntza izan dute. Talde horrek gizonezkoen arteko "hausnarketa eta adiskidetasun gunea" eratu du, "sexismoak nola eragiten digun adierazi eta kontatzea ahalbidetzen digun, baita gure esperientzi eta bizipenak, eta gizona izatearen esangura eta ondorioak partekatu ere". Haien xedea haien buruak eta gizartea aldatzea da, "gure pentsaeran, sentieran eta jokatzeko moduan" aldaketak eragiten. Haien aburuz, "elkartasuna, errespetua eta maitasuna oinarri, barne hausnarketa bide luzea abiarazi dugu sexismoaren suntsiketarantz". Eskualdean talderik antzekoena Leioako Haika Mutil gizonezkoen taldea da. Halere, talde hori mugimendu feministarekin batera emakumeen aurkako bortxakeria desagerrarazteko eta "berdintasunean eta justizian oinarritutako gizartean eraikitzeko" egiten du lan, ekimen publikoan jartzen dutela indarra. Argazkian, Piper Txuriakek eta Deustuko modulu psikosozialak parekidetasunari buruz osatu berri duten
argazki erakusketako irudi bat / ©
Guillermo Casas.