"5 broken cameras" dokumentala proiektatuko dute bihar Itzubaltzetan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 14a, 20:45

Bihar, asteazkena, 65 urte beteko dira Palestinako Nakba-tik edo "Hondamenditik". Izan ere, 1948ko maiatzaren 15aren inguruan, Israelgo Estatua sortu zenean, 900.000 palestinarrak kanporatu zituzten haien lurretatik eta herrialdearen erdia galdu zuten bertako biztanleek. Gaza eta Zisjordaniara ez ezik inguruko herrialdeetara ere joan behar izatearen ondorioz, egun lau milioi dira errefuxiatu palestinarrak, 1948an euren etxeak utzi behar izan zituztenen oinordekoak. Egoera hori, zein 65 urte beranduago Palestina okupatuta jarraitzea salatzeko asmoz, film emanaldia antolatu du biharko Itzubaltzetako Gazte Asanbladak. Arratsaldeko 7:30ean, Emad Burnat argazkilari eta kamera freelance palestinarrak Guy Davidi zinema irakasle israeldarra, Armadako desertore eta Indymediako kidearekin batera egindako "5 broken cameras" dokumentala proiektatuko dute Itzubaltzeta / Romoko Etxe Merkean. Emanaldia doakoa da eta arabieraz zein hebreeraz entzun ahal izango da, espainolezko azpitituluekin batera. Filma hori aurtengo Oscarrerako izendatu zuten, Dokumental Onenaren atalean. Argazkian, Nakbaren egunean orain bi urte Algortan egindako elkarretaratzea.

Filmak "zinemagintza, kazetaritza eta aktibismo politikoa uztartzen ditu lan honek munduko interes politiko eta geopolitikoen bidegurutze nagusian: Palestinan", Axier Lopez "Argia"-ko kazetariak azaltzen duenez. Kontakizunaren kokapena Zisjordaniako Bil’in herria (Palestinako herri ezaguna, okupazio israeldarraren aurrean herritarrek gaur egun arte erakutsi duten erresistentzia gaitasunagatik) da eta dokumentalaren haria, Emadek 2010era arte izandako bost kameren bizitza laburra dugu. 2005ean, lehen semearen jaiotza grabatzea helburu zuen kamera laster bere inguruan gertatzen zenaren testigu emaile bilakatu zuen. Israelgo armadak bata bestearen atzetik apurtzen dizkio kamerak eta honek bizkortzen du nekazaria kazetari aktibista bilakatzeko prozesua, filmean hain ongi islatzen dena.

Haren baserri inguruetan grabaturiko irudiekin zein auzo-lagunen testigantza zuzenekin, Emadek Palestinan Israelgo Estatuaren kolonizazio prozesua eta palestinarren lurraren espropiazio bortitzaren kontakizuna sortu du. Oso era gertuan kontatzen ditu, Palestinan izateko aukera izan dugunontzat entzun eta ikusitako ohiko gertaerak: nekazarien sostengu nagusia diren olibondoen suntsiketa, harresi bitartez lurra arian-arian zatitzea, buldozerren aurreko erresistentzia, Israelgo armadako kide gazteen harropuzkeria, palestinarren arteko komunitate zentzua… Gatazkaren ikuspegi orokorra lortzeagatik saria eskura dezakeen proiektu pertsonala, azken batean. Anekdota moduan, filmean Euskal Herritik joandako joaldunak ere agertzen dira.

Filmaren aurrerakina (ingelesez, © Emad Burnat - Guy Davidi)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun