Alkorta Langraizera eraman du Ertzaintzak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 15a, 21:22

Urtza Alkorta eta beste bi pertsona atxilotu ditu Ertzaintzak Ondarroan, Aske Guneko zubi-herri-harresi artean aurrera egiteko lau ordu eta hamaika kolpe eman ostean. Goizaldeko 5:30ean turrunek jo du, Ertzaintza Iurretatik zetorrela abisatuz, eta setiorako prestatu dira ehunaka pertsona, injustutzat jotzen duten zigorra betetzeko Alkorta eraman ez zezaten, eta are gutxiago "2010ean torturatu zuen gorputz polizial berak". Ordu bat beranduago, 30 furgoneta, itsasontzi bat eta 200 ertzain baino gehiago ailegatu dira gunera eta karpa eta inguruak itxi ostean, 8etan ekin diote jendea banan-banan ateratzeari, batzuek modu onez eta beste askok jendea kolpatuz. Aske Guneko medikuen arabera, "gogorra izan da ertzainek jendea zelan ekartzen zuen ikustea". 10etan atzeman dute Alkorta, zubi erdian, eta eraman dute herritar eta aldekoen txalo zaparrada eta animo eta maitasun oihuen artean. Beste bi lagun atxilotu dituzte eta baita zortzi identifikatu ere. Era berean, Maribi Ugarteburu legebiltzarkideari atxilotzeko mehatxu egin dio Ertzaintzak. Aurreko egunean bezala, makina bat uribekostar izan da Ondarroan, tartean Laura Mintegi legebiltzarkide algortarra. Hilaren 23rako asanblada irekia deitu du Eleak taldeak Txantrean, bertako lau gazte atxilotze arriskuan baitaude, Segi eta Ekineko kideak izateagatik. Argazkian, ertzainak herri harresia desegiten / cc-by-sa Argia.com.

Urtza Alkortaren azken sei minutuak herri harresian (© Ondarroako Turrune)



Urtza Alkortaren azken sei minutuak herri harresian (cc-by-sa Argia.com)



Urtza Alkorta ertzainei kargu hartzen herritarrekin erabilitako indarkeriagatik (cc-by-sa Argia.com)



Ertzaintza Maribi Ugartebururi mehatxatzen (cc-by-sa EH Bildu)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun