Egun langileek txandatze-sistema dute, 24 orduko zaintzaren ostean 72 orduko atsedena dutela. Guztira, 91 zaintza egiten dituzte urtean. Enpresak, berriz, zaintza 6 egun jarraian egitea eta 12 eguneko atsedena proposatzen ditu. Horren arabera, "sei zaintza lan egun horietan behargina enpresaren esanetara geldituko litzateke, ontzian sartuta eta edozein maniobra egiteko prest, presizio lan batek beharrezkoa duen aurreko atsedenik gabe", LAB eta ELAk azaldu dutenez. Gainera, "atoiontzietan ez dago atsedena hartzeko baldintzarik eta langileak irratiaz alerta egon behar dira, maniobrak diren bakoitzean atsedena moztu behar dute..." gogoratu du Enpresa Batzordeak.
2009ko hitzarmena sinatu ostean, enpresako zuzendaritzak langileak kontratatzeari ekin zion, lan hitzarmenak ezartzen duen lan sistematik kanpo. Sistema horiek oso aldakorrak dira. Enpresa Batzordeak uko egin zion langileekin adostatutakoari muzin egiten zioten kontratazioak errazteari eta enpresak 2011n gatazka kolektiboa tramitatu zuen, ordutegiak malgutzeko bermeak izateko asmoz.
Aurtengo maiatzaren lehenengo egunetan jakin dute beharginek auzi horren bukaera. Izan ere Bilboko lan epaitegiak arrazoia eman zien langileei eta enpresari gogoratu zion ezin zuela lan hitzarmenean jasota ez zeuden kontratu eta lan sistemak ezarri. Orain Auzitegi Gorenak berretsi egin du lehenengo epai hura. Auzia garatzen zen bitartean, enpresak jarraitu du edozein moduko kontratu eta lan sistemak erabiliz, sindikatuek nabarmendu dutenez. Horretarako sententzia irmoa ez zegoeneko argudioa erabili du orain arte. LAB eta ELAren ustez, "Remolcadores Ibaizabalek eta bere gerenteak bake soziala eta hitzartutakoari errespetua zer diren uste duteneko adibidea da hori eta haien erabakietatik ikus daiteke enpresak lan segurtasunari dion errespetu eskasa".
Enpresa Batzordeak gutunak bidali dizkie Bilboko Portu Agintaritzari, bere presidenteari eta itsas kapitaniari, gatazkaren berri emateko zein portuko itsas segurtasuna berma dezaten eskatzeko. Era berean, Remolcadores Ibaizabalen sortu daitekeen gatazkak portuko izena zikindu dezakeelakoan, Bilboko Portu Agintaritzari bilera eskatu diote. Azkenik, langileek nabarmendu dute Remolcadores Ibaizabalek etekin handiak dituela eta krisialdiaz baliatzen ari dela plusbaliak handitzeko, horretarako lanpostuak desegitea eta geldituko diren langileak "esklabu" bilakatzea ez zaiola axola.