Paul Asensio Millan preso politiko algortarra kalera irten da dagoeneko. Goizeko 9:30ean zuen ateratzeko ordua eta lagun batzuen arabera, "goizean goiz" atera da. Herrira euskal presoekiko elkartasun mugimenduaren arabera, berriz, orain dela minutu gutxi. Gauzak horrela, etxekoak zituen zain atera orduko, Alacant aldeko Villena espetxean.
Asensio 2007ko azaroaren 30ean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Barrikako bere etxean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Madrilgo Soto del Real kartzelan espetxeratu zuten, Angela Murillo epaileak
18/98 auziaren sententzia noiz irakurriko zain. Algortarrari 11 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, Ekin erakunde politiko ilegalizatutako kide izatea, "erakunde terroristako kide izatea", egotzita. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea,
zigorra zazpi urte eta erdira murriztu zion. Hala ere, Etxerat elkarteak behin baino gehiagotan aipatuta zuen hilabetero plazaratzen duen txostenean dagoeneko
baldintzapeko askatasunean beharko lukeela. Atxilotu ondorengo hilabetetan, Madrilgo Navalcarnerora, Toledoko Ocaña I eta Madrilgo Valdemorora eraman zuten algortarra. 2008ko irailaren bukaeratik, lekuz aldaketa laburrak alde batera utzita, Alacanten dute, Getxo udalerritik 823 kilometrora. Espetxean zela
aita hil zitzaion Asensiori, 2009ko urtarrilaren 23an. Asensio kazetaria da eta urteetan egin zuen lan "Egin" egunkariaren "GaztEgin" gehigarrian. Hainbat liburu ere idatzi ditu, tartean "Argala" eta "Gerezi gorrien garaia". Argazkian, Paul bere bikotekidearekin espetxetik irten bezain laster / © Herrira.