Gaurko egitarauan azpimarragarriak dira eskainiko diren lau estreinaldiak. Gaupasa eta Nacho Vilar Produccionesek Torreviejan apartamentua amesten duen lagun talde bat aurkezten du "Typical" ikuskizunean eta Al Di Lá konpainia arabarraren "Purificación Run Run" dantza piezak lañotasun garaietara itzultzea proposatzen du. Horrez gain, La Mini Compagnie talde frantziarra osatzen duten hiru akrobata eta soinu joleak, mozkorraldi eta Baudelaireren pentsamenduetan oinarritutako "Envirez-vous" lana aurkeztuko dute. Lau taldekideak Circo Colifloreko kideak dira, hain zuzen "Salir" lanagatik 2011n Umore Azokan munduko ikuskizun onenaren sariaren irabazi zuena.
Gaurko egitarauan Hego Euskal Herrian eta Estatu espainiarrean lehen aldiz eszenaratuko diren Karakasa Zirkusen "Home Sweet Home" eta Cie. Sterenn konpainiaren "Little big men" ere ikusgai izango dira. Umore Azokara ikuskizunekin gozatzeko gerturatuko diren ikusleez gain, Europa osoko Arte Eszenikoen arloko 160 profesional baino gehiago hurbilduko dira. Hauetariko batzuk lehen jardunaldian Kultur Leioan burutuko den Sarea-Euskal Antzokien Sareako Batzar Nagusian izan dira.
Aldez aurretik izena eman duten profesionalak, bisitariak eta gainontzeko ikusleak, Corrado Masacciren "Igelak" erakusketara egingo den lehen bisita gidatura gerturatzeko aukera izango dute. Erakusketa ekainaren 30a arte izango da ikusgai Kultur Leioako Erakusketa Aretoan.
Era berean, Azokak martxan ezarri du Android teknologia duten sakelako telefonoentzat aplikazio berri bat. Azokaren inguruko informazio osoa (hizkuntzena izan ezik) eskaintzen duen aplikazioa Play Storetik jaitsi daiteke.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.