Algortaraino helduko da gaur "Ekintza Zuzena" aldizkari libertarioaren urtemuga

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 16a, 20:02

"Ekintza Zuzena" Bizkaiko aldizkari libertarioak pasa den ostiralean ekin zion bere 25. urteurrena ospatzeari, Bilbon eta Deustun. Halere, gaur, aldizkariak urtemugako ekimen bat burutuko du Algortan, "25 años de cambios sociopolíticos en el Euskal Herria y el Estado español" mahai-ingurua, alegia. 19:30eatik, aurrera Eztabaida Gune antiautoritarioak hartuko du solasaldia, bertan JTxo Estebaranz idazlea eta Bartzelonako Colectivo Etceterako kide bat entzun ahal izango direla. "Ekintza Zuzenak" hilaren 29ra arte beste bi hitzaldi antolatu ditu, biak Bilbon. Halere, urteurrena ez da aldizkariak azken aldi honetan ospatu duen zenbaki borobil bakarra. izan ere, berriki 40. zenbakia kaleratu dute. Harro agertu dira "joan den mendeko 80. hamarkadako Euskal Herri asaldatuan jaioa, gizarteak bezala aldizkariak ere aldaketa asko jaso" arren "fanzinearen jatorrizko filosofia autogestionatua eta norabide libertario, kritiko eta independientea jarraitzen saiatu" delako urte hauetan.

Ekintza Zuzena" Uribe Kostako hainbat tokitan eskura daiteke, tartean Plentziako Danontzat gaztetxean, Sopelako Sekeko gaztetxean zein Plaza Beltza kulturgunean, Algortako Eztabaida Gune antiautoritarioan zein Amnistia, Eneko eta Abian tabernetan, Itzubaltzeta / Romoko Etxe Merkean, Leioako Udondo gaztetxean eta Erandioko Kalezulo gaztetxean.

Azken zenbakian, gai pila topatu daiteke 128 orrialdetako ale marduletan, esate baterako, aldizkariaren 25. urteurrena, AHTren aurkako borrokaren iragana, oraina eta geroa, Emilio Lopez Adani “ETAren estrategia armatuaren historiaz” liburuari buruz egindako elkarrizketa, krisialdi ekonomikoa, irrati libreak, leninismoaren itzulera, "LSD Herald Tribune" ohiko umore gehigarria eta abar luze bat.

25 urteko ibilbidea ("Ekintza Zuzena" aldizkariko kideen iritzia

Oso esanguratsua da fanzine espirituz jaiotako aldizkari honek 25 urte betetzea, baina, aldi berean, zifra hutsa baino ez da hori. Irautea ez da nahitaez gauza baikorra, baina izan, bada lanaren eta borondatearen adierazgarri, baita zorte onarena eta zoriarena ere. Aztarna txiki bat da, geure bizitza eta ingurune soziala eraldatzeko irrika kontraesankorraren bide hau ibiltzean, eraikitzen lagundu nahi dugun eta, ustez behintzat, eraikitzen laguntzen dugun historia xumean utzitako aztarnatxoa.

Nola laburbildu lerro gutxi batzuetan bizitako une, egindako esfortzu, izandako zalantza eta ziurtasun guztiak, miseria txiki eta handitasun xumeak, hainbeste aukera on eta porrot? Ez dugu nostalgiarako edo atseginkerietarako garairik bizi, baina, agian, bada memoriarako eta oroitzapenetarako garaia, aurrera begira hausnarketa egiteko eta esperientzia biltzekoa. Bost bosturteko hauetan, argitalpen honek hola-hala bete ditu hitzorduak, bere baliabide propioen irregulartasunaz eta, bizitasun nahiz etorkizun-promesa den bezainbeste, porrota, desorientazioa eta iragana ere baden mundu libertarioaren babesaz eta oxigenoaz.

Sarritan, puntu sinboliko eta erreal batera iristeko, kargatzen ari garen pisua edo arrastaka garamatzan inertzia haztatu beharra izaten dugu. Egiten dugunari zentzua bilatzeak fedezko edo esperantzazko osagai bat du nahitaez eta setan, uste sendoetan zein ideietan oinarritu arren, ustekabekoak eta zalantzazkoak izaten dira emaitzak askotan. Ingurune-tentsio horrek pizten gaitu eta, aldi berean, indarrak ahitzen dizkigu. Badakigu egiten duguna garela eta harrokeria nahiz handinahia inora ez daramaten bideak direla.

Hortaz, bizirik izateaz pozten gara, baita geure gogoen bultzadarekin nahiz beste pertsona batzuen indarrarekin aurrera jarraitzeaz ere. Hori bai, orekarien sokan balantzaka dabilenaren apaltasunarekin beti, asko eta ezer ez izatearen umiltasunarekin eta jakinda, onenetan ere, gure proiektuak askatasunaren aldeko borroka luze eta bukatugabearen zatitxo bat besterik ez direla izango, gizatasun deitzen dugun hori hil ez dadin.

"Ekintza Zuzena"

Ekintza Zuzena aldizkariaren 25. urtemugaren azken ekitaldiak

Maiatzak 16, osteguna

19:30ean, "25 años de cambios sociopolíticos en el Euskal Herria y el Estado español" mahai-ingurua, Colectivo Etcetera (Bartzelona) eta Juantxo Estebaranzen eskutik, Algortako Eztabaida gunean.

Maiatzak 24, ostirala

19:30ean, "Lo que no te han dicho sobre la contaminación radiactiva" hitzaldia, Alfredo Embid "Armas contra las guerras" buletinaren koordinatzailearen eskutik, Bilboko Ekoetxean.

Maiatzak 29, asteazkena

19:30ean, "Memoria de la lucha y lucha por la memoria", Jann-Marc Rouillan militante iraultzaile eta idazlearen eskutik, Bilbo Irala auzoko Izar Beltz ateneoan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun