Kanoi bakoitzak 2 tona inguru pisatzen du. Horien jatorriaz ezer gutxi dakigu gaur egun, erreferentzia bakarra, Aranzadik gotorlekuari buruz egindako ikerketa historiko-arkeologikoan jasotzen dena izanik. Hiru kanoiak, lekuz kanpo zeudenez, testuingurutik aterata egoteagatik, ezezaguna da adituentzat beren jatorria, ez baitakite benetan egungo gotorlekuarenak ziren hasieratik, edo bertara eraman zituzten joandako mendeko erdialdera ostalaritzako establezimendu bezala atondu zuten unean.
Pieza horiek gainbalioa ematen diote monumentu-multzoari. Apaingarri modura zeuden kokatuta gaur egun, sarrerako baoaren albo banatan, eta kanoi-zulotik kanpo. Horregatik, beren jatorrizko kokalekua ez zenez, teknikariek uste dute leku egokiago batean kokatu behar dituztela, beren jatorrizko egitura berreskuratuz –kanoi-gurdia–, ondo garbitu eta finkatu ondoren.
Aurten Gotorleku zaharberritu eta zaintzeko planean, proposatu da, lehendabiziz, doktoretza ikerketarekin jarraitzea, EHUren Zientzia eta Teknologia Fakultateko Mineralogia eta Petrologia sailarena dena. Azterlanak gotorlekuko elementu desberdinetako harria eta morteroak hondatzearen zergatiak finkatuko ditu.
Bestalde, landaredi osoa sasiz garbitu da eta eraikinetako kanpoaldeko (zuloko) zein bideetako, gune garbietako eta barruetako hondakinak garbitu egin dira. Halaber, hormak kalte zitzakeen landaredia kendu egin da eta argi-dorreko zaharberritze lanak kontratazio fasean daude.
Helburua da, multzoa osatzen duten elementu desberdinek, denboraren poderioz, kalte handiagorik eta txikizio berririk izan ez ditzatela.
Galeako Gotorlekuan 14 kanoi-zulo daude, nahiko kontserbazio-egoera onean, lekutzen direneko hormak dituen kalte berberak eduki arren, hau da, zikinkeria, landaretza, harrizko blokeen galera… Horregatik horma berreskuratzeko ezarritako prebentzio neurri berberak kanoi-zuloetan ere aplikatu ahal izango dira, ia ia era berdinean.
Badirudi, bi elementuak, bai hormak bai kanoi-zuloak, eraikitze-une berekoak direla, gotorlekuaren azken berreraikitzeari zuzenean lotutakoak, Gerra Napoleonikoetan (1812) eta Lehenengo Gerra Karlistan (1836) gertatutako suntsitze prozesuen ondoren. Ez du ematen ondoren, bereziki pasa den mendeko 50.hamarkadaren erdialdean, izandako ustezko aldaketek bere kontserbatze egoeran eragin handirik izan dutenik, Aranzadi elkarteko hainbat adituk zehaztu dutenez.
Ekimeneko argazkiak (© Getxoko Udala)