Etxean da Pol Asensio

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 17a, 01:44

Amaitu ezinezko besarkaden artean egin diote harrera Algortako Amnistia tabernan dozenaka herritarrek Pol Asensio Millan preso politiko ohiari. Goizean Alacant aldeko Villena espetxea atzean utzi ostean, 20:30ak inguruan heldu da sorterrira algortarra. Bost urte eta erdi eman ditu preso. Orkrestak girotutako ekitaldian, ohorezko aurreskua, bertsoak, lore sorta eta brindisa opatu dizkiote herrikideek Asensiori, "Eusko Gudariak" abestuz bukatzeko. Ondoren, bere argazkia Amnistia tabernatik kendu du eta, barruan daudenak gogoan, kanpoko jendearen elkartasuna eta babesa zein garrantzitsua den gogoratu du. Tabernara sartu baino lehen, preso eta iheslariak etxeratu arte lanean jarraitzeko deia luzatu du Algortako Herrira bilguneak. Ildo horretan kokatu ditu preso eta iheslari politikoen aldeko eragileak, larunbateko Plazara! ekimena (11:30ean, Algortako Telletxe plazan), eta Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" preso itzubaltzetarraren askatasuna eta 197/2006 doktrinaren derogazioa exijitzeko igandeko eskualde mailako manifestazioa (13:00etan, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazatik abiatuta. Hori guztia bukatuta, bere argazkia Abian herriko tabernatik kentzera abiatu da Pol Asensio. Argazkian, eskuinean, Polen ama, Iratxe emaztea, Sare alaba eta Pol bera Orkrestaren erritmora / cc-by-sa Algortako Herrira.

Pol Asensio 2007ko azaroaren 30ean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Barrikako bere etxean, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz. Madrilgo Soto del Real kartzelan espetxeratu zuten, Angela Murillo epaileak 18/98 auziaren sententzia noiz irakurriko zain. Algortarrari 11 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, Ekin erakunde politiko ilegalizatutako kide izatea, "erakunde terroristako kide izatea", egotzita. Espainiako Auzitegi Gorenak, ordea, zigorra zazpi urte eta erdira murriztu zion. Hala ere, Etxerat elkarteak behin baino gehiagotan aipatuta zuen hilabetero plazaratzen duen txostenean dagoeneko baldintzapeko askatasunean beharko lukeela. Atxilotu ondorengo hilabetetan, Madrilgo Navalcarnerora, Toledoko Ocaña I eta Madrilgo Valdemorora eraman zuten algortarra. 2008ko irailaren bukaeratik, lekuz aldaketa laburrak alde batera utzita, Alacanten dute, Getxo udalerritik 823 kilometrora. Espetxean zela aita hil zitzaion Asensiori, 2009ko urtarrilaren 23an. Asensio kazetaria da eta urteetan egin zuen lan "Egin" egunkariaren "GaztEgin" gehigarrian. Hainbat liburu ere idatzi ditu, tartean "Argala" eta "Gerezi gorrien garaia".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun