Apirilaren 28an hasi ziren Bizkaiko Garraio Partzuergoak Sopelako Enrike Urrutikoetxea kalea zeharkatzen duen zubian egin beharreko herri-lanak eta datorren ostiralerako, hilak 24, aurreikusita zuten amaitzea. Halere,
Metro Bilbao jakinarazi duenez, lanak jada amaitu dituzte eta metroak astelehenean, hilak 20, berreskuratuko ditu ohiko maiztasunak. Garraio enpresaren aburuz, Bizkaiko Garraio Partzuergoak amaitu ditu "arrakastaz eta hasieran aurreikusi baino epe motzagoan", Sopelako trenbidepeko pasagunea konpondu eta iragazgaizteko lanak. Lanak bi fasetan egin dira, tren-zerbitzuarekin batera beti, lanek zirauten bitartean tren zerbitzu gutxiago jarrita. Lanak maiatzaren 4 eta 5eko asteburuan areagotu ziren, eguraldi ona egin zuela aprobetxatuz. Horrela, lanak azkartu eta zubiaren goialdekoak amaitzea lortu da, metroaren ohiko zerbitzua aurreikusi baino lehen berreskuratzeko aukerarekin. Metro Bilbaok eta Bizkaiko Garraio Partzuergoak eskertu diete bezeroei zerbitzuari eragin zaion egunetako laguntza eta Plentzia, Urduliz eta Sopelako udalei informazioa udalerrian zabaltzen emandako laguntza. Argazkian, eragindako pasagunea lanak hasi aurretik / © Sopelako Udala.