Mintegiri salaketa jarri dio Covitek, Ondarroan izan eta hitz egiteagatik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 17a, 17:34

Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaile algortarra salatu zuen atzo Covite Terrorismoaren Biktimen Euskal Herriko elkarteak. Kolektibo ultra-eskuindarraren arabera, Urtza Alkorta babesteko herri-harresian egonik, ''terrorismoa goratu'' eta ''Justiziari oztopo egin'' ei zion Mintegik. Covitek ohar batean zabaldu duenez, atzo aurkeztu zuen salaketa penala, auzitegian. Coviteren hitzetan, Mintegik Alkortaren "jardun terrorista justifikatu" zuen, ''herri honen eskubideen defentsa egiteagatik'' atxilotu zutela esanez. Urtza Alkorta ondarrutarra ETAri laguntza eman ziolakoan zigortu zuen Auzitegi Nazionalak, froga bakarra inkomunikazio egoeran ertzainen aurrean bere buruaren aurka sinatutako deklarazioa izan zela. Torturak salatu zituen, baina auzia artxibatu zen, Rodolfo Ares Herrizaingo Sailburuak atxiloaldiaren bideorik ez zegoela aitortu ostean. Argazkian, Laura MIntegi Ondarroako herri harresian / cc-by-sa Euskal Herria Bildu.

Covitek salatutakoaren arabera, ''banda armatuari laguntzeagatik zigortutako pertsona bat atxilotzeko Auzitegi Nazionalak emandako agindua betetzea oztopatu nahi zutenen artean'' zegoen Mintegi. Halaber, legebiltzarkideak komunikabideetan egindako adierazpenetan, ''publikoki eskertu zuen ETAko kolaboratzailearen atxiloketa ekidin nahi zutenen lana''.

Atxiloketa ekiditeko ekintzetan parte hartu zuten guztien kontra luzatu du salaketa Covitek, tartean Argia Ituarte Ondarroako alkatearen eta ezker abertzaleko zenbait kideren kontra.

Orain bi aste, Juan Kalparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak artxibatu behar izan zuen Fernando Buesaren hilketari buruz Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenak direla-eta Laura Mintegiri zabaldutako eginbideak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun