Ohi bezala, hilaren 15ean, herenegun, abiatu ziren Lemoizko San Isidroak, meza nagusia eta herriko aitxitxe eta amamentzako hamaiketakoa egon zela. Halere, bihar arte itxaron beharko dute kirolariek, parrandazaleek eta umeek, ekitaldiz beteriko bi egunez gozatu ahal izateko. Bihar, larunbata, mendi martxak zabalduko du egitaraua, goizeko 10etan udaletxe zaharretik irtengo dela. Hortik, bidegorritik, Armintzara joan eta etorri egingo dute, partaide guztiek hamaiketakoa zain izango dutela. Antolatzaileek agindu dute "ibilbide erraza" dela, seme-alabekin egin daitekeena. Gainera, kirol material zozketa egingo dute. Eguerditik aurrera, berriz, umeentzako jolas parkea izango da frontoi zaharrean. Arratsaldean karta zaleek aukeratu beharko dute: tute ala briska. Izan ere txapelketa biak arratsaldeko 6etan abiatuko dira. Eguna bukatzeko, 19:00etan haur zinema izango dute txikienek. Igandean, 10:30eko mezaren ostean, eguerdi aldera, umeentzako tailerrak hartuko ditu udaletxe zaharrak. Arratsaldean, 17:30ean, ez da zalantza izpirik egongo hordago zaleentzat, mus txapelketa izango baita Perulorekin. Jaiak bukatzeko, 20:00etan txokolate-janaz gozatu ahal izango da. Argazkian, mendi martxa Armintzako portutik (artxiboko irudian) gertu pasatuko da / cc-by-sa Javier Mediavilla Ezquibela.