Ereagako igogailua berriro ere geldi lotu da

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 20a, 13:40

Algortako Maria Kristina parkea eta Ereaga hondartza arteko igogailua behin-behinean itxi da gaurtik asteazkenera arte. Enegarren aldia izango da "egin beharreko mantentze-lanak direla-eta" zerbitzua etengo dena, zortzi urte bete ez dituen azpiegitura horretan. Gainera, egiteko beharren tamaina aurreikusita, itxiera asteazkenera arte luzatuko da, bitartean igogailua ez dela ibiliko, Getxoko Udalak iragarri bezala. Hori dela eta, "sor daitezkeen eragozpenengatik" barkamena eskatu du Getxoko Udalak. Igogailuak hainbat matxura izan du azken urteotan eta aurretik komunikatu gabe ateak itxi behar izan ditu horietako batzuetan. Halere, kasu honetan Udalak dio "sei hilabetean behin" egiten diren mantentze lanak burutzeko izango dela itxiera, "instalazioan funtsezkoak diren piezen higadurak eragindako gaitzak gutxitzeko". Horretaz gain, udal iturriek ziurtatu dute Ereagako igogailu publikoaren zerbitzua urteko hilabete guztietan aztertzen dutela eta mantentze-plan prebentibo berezkoa daukala, mantentze-lanak egiten dituen enpresak eta Udaleko zerbitzu teknikoek batera adostutakoa. Argazkian, Ereagako igogailua.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun