Rafa Etxegarai Lopez de Arbina Berangoko alkatea izan zenari azken agurra emango diote gaur Berangoko Santo Domingo de Guzman parrokian. Hileta meza arratsaldeko 6:30ean izango da. Etxegarai larunbatean hil zen, Berangon bertan, 83 urte zituela. Berangoko EAJren Uri Buru Batzarrak hileta-elizkizunetara deitu du, Etxegarairen arimaren alde otoitz egitea eskatuz. Berangoko Udalak, bere aldetik, herriaren esker ona agertu dio familiari. Etxegarai 1979ko udal hauteskundeetan, Franco hil osteko lehenengo tokiko bozketak, aurkeztu zen Berangoko EAJren zerrendan. Jeltzaleek erabateko nagusitasuna eskuratu zuten 2.672 boto emaileetatik 1.897k botoa eman eta haietatik 916 haien zerrenda aukeratu zutela. Gauzak horrela, 6 zinegotzi eskuratu zituzten. Orduko zerrenda independenteak 3 zinegotzi lortu zituen eta Herri Batasunak 2. Etxegaraik alkate ardura hartu zuen, baina 1983an, hurrengo hauteskundeetan, ez zen berriro aurkeztu. Hainbat urtez Abarotxu kaleko janaridendan egin zuen lan. Argazkia: cc-by-nc-sa Basajaun.