AEK-k eskaintza berezia jarri du martxan 2013-2014 ikasturtean euskara ikasten jarraitu edo euskara ikasten hasi nahi dutenentzat. Koordinadorak aurrematrikula ekainaren 21a baino lehen egiten dutenei zenbait abantaila emango die. Hain zuzen, AEK-ko iturriek jakinarazi dutenez, aurrematrikula egun hori baino lehenago egiten dutenek %5eko deskontua izango dute 2013-2014 ikasturteko matrikularen prezioan, ordainketa malguagoa egiteko aukera ere izango dute, epe bat gehituta ohiko ordainketa epeei, eta lehentasuna izango dute taldeak eratzeko orduan. Aurrematrikula egitean, honako ekarpenak egin beharko dituzte ikasleek: 120 euro (240 ordutik gorako ikastaroetan) edo 100 euro (120 eta 240 ordu bitarteko ikastaroetan). Ikasleak aurrematrikula eginda gerora ikastarorik ez egitea erabakiko balu, egindako ekarpenaren %100 itzuliko diote, beti ere irailaren 27a baino lehen jakinaraziz gero. Irailaren 28tik aurrera, matrikula-itzulketen ohiko baldintzak aplikatuko dira. Aurrematrikula dagoeneko egin daiteke Algortako Lauaxeta, Gorliz eta Plentziako Jentilbaso eta Leioako Lamia euskaltegietan. Argazkian, Uribe Kostako AEK-k emandako prentsaurreko bat artxiboko irudian.