
Gaur hasi eta hilaren 30era arte, Algortako Torrene aretoak Getxoko Filatelia elkartearen 30. urteurreneko erakusketa hartuko du. Urtemuga berezi horretarako Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdia hartu dute gai nagusitzat, uztailean jaialdiaren 25. urteurrena beteko da eta. Musikaren inguruko seilu bildumak dira ikusgai erakusketan, baita beste gai batzuk jorratzen dituztenak ere. Halaber, jaialdiaren argazki, kartel eta hainbat material erakusteari ekin diote. Bi atal ditu erakusketak. Lehenengoak, lehiaketa mailakoak eta epaimahai batek aztertuko duenak, musika seiluak eta beste gai batzuetakoak (itsasontziak, trenak, zinea, postaren historia eta abar) bilduko ditu. Horrez gain, frankeo mekanikoak, posta-txartelak eta seilu-marka bereziak dituzten gutun-azalak ikusi ahal izango dira. Bigarren atalak oraindik ikaskuntza edo trebakuntza fasean dauden eta filatelia erakusketa lehiakorrean parte hartzeko behar adinako maila ez duten filatelia-zaleen bildumak biltzen ditu. Bilduma horiek (punta-puntakoak izan ez arren) erakusteak garrantzia handia du, filatelia zaletasuna bultzatzen baitu. Irudian, bihar Correosek kaleratuko duen zigilu-markaren aurreikuspena.