Zenbaitek ez du atsegin bertsolaritzak euskal kulturaren baitan hartu duen kokapen hegemonikoa (piramideak euskaldunok egin behar izan bagenitu, goiko punta moztu egingo geniekeen, seguru!), eta hortik ondorioztatu du ez zaiola bertsolaritza bera gustatzen. Horraino ez dago arazo handirik, ez baita munduan ororen plazera egiteko gai denik; baina bertsolaritzarekiko desatsegin hori gizarteratu eta zabaltzea beste kontu bat da. Kontu larria iruditzen zait, gutxienez bi arrazoirengatik: Lehenik eta behin, bertsolaritza ez baita txapelketa bakarrik. Imajinatu norbaitek dioela literatura ez duela maite: hori ezinezkoa da. Ez zaizkio gustatuko obra kanonikoak, edo eleberriak, edo autofikzioa... agian ez zaio gustatuko irakurtzea, baina hortik literatura gustatzen ez zaiola esatera iristeari auskalo zein izen jarri, izenik izatekotan. Eta bigarrenik, halako baieztapen bat publikoan egiten duenak ez dakit zer bilatzen duen, baina arte oso batekiko gutxiespena plazaratzen duenak neurtu beharko luke zenbat gutxiesten duen ekintzak berak bere egilea.
Xabi Paya itzultzaile eta bertsolari algortarrak herenegun "Gaur 8" astekarian argitaratutako artikulua.
[©