2013ko Umore Azokak 125 emanaldi eman ditu eta, bataz beste, 26.000 ikusle bildu ditu lau egunetan zehar. Ostiralean eta larunbatean bildu zen ikusle kopuru handiena, 10.000 lagun egun bakoitzean; ostegunean 4.800 ikusle gerturatu ziren agerraldietara eta igandean, berriz, 1.200 inguru. Lopezen esanetan "kaleko agertokietan eta ordezko guneetan eskaini diren ekitaldi bakoitzera, batazbestekoa, 300 ikuslerena izan da eta Kultur Leioako Auditorioan eskainitako bederatzietan aretoak dituen 247 eserlekuak bete ziren”.
Eguraldi txarragatik bertan behera utzitako emanaldiak bederatzi izan badira ere, Leioara gerturatutako konpainia guztiak, une batean edo bestean, beraien ikuskizunak erakusteko aukera izan dute. Ostegunean Karakasa konpainiarena eta ostiralean Volaquivol, Arritmados, El Gran Dimitri eta Ziya Azaziren bi proposamenak ez ziren antzeztu. Larunbatean, Karakasa eta GUPen ekitaldiak eta igandean Tiritirantesena ere bertan behera utzi zituzten.
Umore Azokako sariak
Umore Azokak Markeliñe konpainiari eman dio 2013ko Ohorezko Saria, antzerkigintzan “ahotsa kasik altxatu gabe” emandako ia hiru hamarkadengatik eta “langile nekaezinak, profesional apartak eta ondo egindako antzerkigintzaren enbaxadoreak” direlako. Ohorezko sari horretaz gain, Mendibile Jauregian ostiralean izan zen ekitaldian 2012ko irabazleen sariak banatu ziren. La Passante talde frantziarrak "Rue des Dames" lanagatik irabazitako Ikuskizun onenaren saria jaso zuen; Gaitzerdi Teatrok "Suz" antzezlanagatik lortutako Euskadiko Ikuskizun onenaren saria eraman zuen eta ATX Teatrok "Gnosia" sorkuntzagatik lortutako aipamen berezia jaso zuen.
Igandean, ordea, epaimahaikideek aurtengo irabazleen izenak ezagutzera eman zituzten. Maiatzaren 16an hasi eta atzo amaitu zen Feria honetarako 54 ikuskizun desberdin eta 53 konpainia aukeratu zituzten antolatzaileek, hauetarik hamabi EAEkoak, beste bat Ipar Euskal Herrikoa, beste hamabost Kataluniakoak, hamaika Estatu espainiarreko erkidego desberdinetakoak eta gainontzeko 16ak Erresuma Batua, Errumania, Errusia, Frantzia, Holanda, Italia, Polonia, edo Turkiako artistekin osatutakoak. Israelen presentzia ere izan zen eta horrek sionismoaren aurka boikota egin behar dela uste duten hainbat ikusleren kritikak jasotzea ekarri dio Azokari.
Gauzak horrela, Ikuskizun Onena saria Herbehereetako Compagnie DaaD-en "La cuisine macabre" ikuskizunari eman zioten, "proposamenaren originaltasunagatik, agerraldiko bizkarrezurra bilakatzen dutelako gurdi bat eta horren inguruan interpretazioan eusten den dramaturgia eta gastronomiaren inguruko istorio beldurgarria garatzen dutelako".
EAEko Ikuskizun Onenaren saria, ordea, Ertza konpainiaren "4 x 4"-rentzat izan zen, "hiriko hizkuntzetan oinarritutako pultsu dramaturgikoa, planteamendu estetikoa eta soluzio teknikoagatik, eta etnia desberdineko lau dantzarik koreografiatutako arte latza egiten dutelako".
Epaimahaiak erabaki zuen baita, Aipamen Berezia ematea Kataluniako Fet a Mà konpainiaren "Swap!" lanari, "dantza eta zirkoaren uztarketak eskaintzen duen fusioagatik, zaindutako oinarri teknikoaz baliatuta komunikatzeko gaitasun handia duen adierazkortasun poetikora daramalako".