Ertzaintzak 22 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo arratsaldean Getxon, taberna baten jabeari eta zerbitzari bati zein osasun zerbitzuetako langile biri eraso egin eta hainbat kalte sortu zituelakoan. Segurtasun Sailaren arabera, gertaera 18:30ak aldera hasi zen, Getxoko taberna batean. Auzoa jaietan izan arren ez dirudi aferak horrekiko loturarik izan zuenik. Mutila, ustezko erasoa eman zen tabernako langile ohia, ostalariarekin berba egitera joan zen ostatura. Elkarrizketa, antza, berotuz joan zen eta, Ertzaintzak zabaldutako bertsioaren arabera, gazteak mailu bat atera eta jabea zein zerbitzaria jo zituen buruan zein gorputzeko hainbat ataletan. Mailuz zein kurrikez, kalteak eragin ei zituen bi telebistatan, ardo erakustokian, baxeran eta lokaleko beste tresnatan. Larrialdi zerbitzuek abisu bat jaso ostean, anbulantzia bat hurbildu zen eta osasun zerbitzuetako langileei ere eraso egin ei zien gazteak. Halere, horiek ez zuten lesiorik jaso. Tabernako jabea eta zerbitzaria, ordea, ospitaleratu behar izan zituzten eta hainbat jostura puntu eman zieten buruan. Traumatismoak ere izan zituzten.