Kirmen Uribe idazle ondarrutarrak “Mussche” eleberriaren nondik-norakoak azalduko dizkie gaur, osteguna, eskualdeko literatura zaleei. Izan ere,
Egizu Getxo Euskaldun! elkarteak antolatu ohi duen Uribe Kostako Irakurzaleen Txokoak aipatu lana aukeratu zuen irakurri eta hausnartzeko. Hitzordua, arratsaldeko 8etan jarri dute Algortako Aldai patronatuan. Susa argitaletxeak iaz inprimatutako liburuan, Robert Mussche idazle eta kazetari flandiarraren bizi pasarte garrantzitsuak kontatzen ditu Uribek, baita horiek ezagutzeko egindako ikerketaren narrazioa ere. Tramak 1936ko Gerra eta Bigarren Mundu Gerra arteko giro nahasiak izango du jokalekua, Euskal Herriarekiko hurbiltasun puntua Karmentxu Cundin bilbotarraren historiak emango diola. Cundin Santurtziko portutik irten zen gerrako haur gisa, eta Musschek eta Vic Opdebeeck bere emazteak etxean hartu zuten beren gain. Mussche, Flandriako alderdi sozialistako kidea izan zen eta gerora okupazio alemanaren aurkako erresistentzian aritu eta kontzentrazio eremuak ezagutu zituen. Herman Thiery idazlearekin laguntasun harreman estua izan zuen. Berak idatziko zuen Mussche gogoan izateko lehen lana: "In Memoriam Robert Mussche", 1946an. Argazkian, Kirmen Uribe Irakurzaleen Txokoan, 2009an, orduan "Bilbao-New York-Bilbao" liburuaz mintzatu zela / cc-by Egizu!