Bestalde, Epic telebistak antolatutako 2012 urteko abenturazalerik onenari saria ere irabazi berri du. Kepa Acerok 18 urterekin ekin zion surflari profesionala izateari eta gazte mailan Europako txapela irabazi zuen. Urteetan, Europako hamar surflari onenen artean mantendu zen. Duela urte batzuk, lehiaketak alde batera utzi eta surfa beste era batera bizitzeko apustua egin zuen. Kirol profesionaltzat jo beharrean, bizitzeko, mundua ikusteko, kulturartekotasuna lantzeko eta hezteko modu bat bezala ulertu zuen surfa eta bide horretan, ikus-entzunezko dibulgazio lanak sortzeko apustua egin zuen.
Gauzak horrela, norabide hori hitzaldietan ere eskaintzen du Kepak, surfaren beste ikuspuntu bat erakusten duela. Surfaren hastapenetan abentura-kirol horrek naturarekiko eta beste kulturekiko harremanak zuen garrantzia berreskuratuz eta erakutsiz. Bidaietan bizi dituen esperientziak ere elkarbanatzen ditu publikoarekin, hala nola motibazioak eta ilusioak, baina baita beldurrak, borrokak eta bakardadea ere, besteak beste. Kirolaren baloreak eta ametsak egi bihurtzeko gaitasuna ere jorratzen dituen gaietako batzuk dira.