Gaurkoa hirugarren aldia izango da aurten emakumeen erailketa sexista salatuko dena. Aurrekoa otsailaren 2an izan zen, Antsoainen urtarrilaren 31n labankadaz eraildako 43 urteko M.M.O.-ren heriotza salatzeko ekimena. Kasu hartan, bertsio ofizialak baztertu egin zuen bortxakeria matxistaren hipotesia. Bestalde, hil honen 13an salatu zuten Algortan oraindik argitzeke dagoen Gasteizko auzia. Aurretik, maiatzaren 9an, Maria Angeles M. eta Agustin G. senar-emazteen gorpuak aurkitu zituzten Gasteizko Lakua auzoko etxebizitza batean. Zenbait egun zeramatzaten hilda eta Segurtasun Sailak ezin izan zuen baieztatu genero indarkeria kasua izan ote zen edo bikoteak beren buruaz beste egin zuen. Andrak 53 urte zituen eta gizonak 61.
Sopelako Udalak kaleratutako oharra
Sopelako Udalak auzokideak animatu nahi ditu bihar Larrabasterran antolatu den kontzentrazioan parte hartzera, Laudion ustez gertatu den erailketa dela eta
Sopelako Udalak gogor gaitzetsi nahi du gaur, 2013ko maiatzaren 23a Laudion izandako emakume baten ustezko erailketagatik. Izan ere, emakumeen kontrako indarkeria matxistaren beste gertaera baten aurrean gaude.
Emakumeen kontrako indarkeria matxista, agertzeko moduak edozein direla, biktimen oinarrizko eskubideen aurkako eraso larria da. Honen aurrean, berriro ere aldarrikatu behar dugu gaitz larri hau jendartetik desagerrarazteko gure esku ditugun bitarteko guztiak erabiliko ditugula.
Hori dela eta, Udal honek konpromisoa hartzen du, bere eskumenen esparruan eta indarrean dagoen legeria ezarriz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, oso eta koordinatua garatuko duela. Udal politika horren barruan, beste tresna batzuen artean, indarkeriaren biktima diren emakumeen arretarako tokiko protokoloa nabarmendu behar dugu.
Era berean, sopeloztarrei dei berezia egiten diegu, emakumeenganako indarkeriaren kontrako konpromiso aktiboa har dezaten. Gaur egun oraindik jendartean hedatuta dauden jarrera eta mentalitate sexistak zalantzan jarri behar ditugu.
Amaitzeko, sopeloztarrei dei egiten diegu bihar, maiatzak 24, 19:30ean Larrabasterrako Gatzarriñe kalean (Sopela) Uribe Kostako Emakumeen Kontseiluak antolatu duen kontzentrazioan parte hartzera.
Sopelako Udala
Indarkeria sexistaren kontrako protokoloa