Alderdi politikoekiko bileran (eta azken asteetan ere) ikusi dugu EAJ hasi dela tonua jaisten, eta orain arteko harrokeria apaltzen hasi zaiola. Nire kolkorako dut ez ote den izan estualdiak behartuta, halabeharrez egin behar izan duen moldaketa, eta ez konbentzimenduz egindako aldaketa. "A la fuerza ahorcan" esaten da gaztelaniaz. Badirudi azkenean, bost hilabete pasatuta ohartu egin direla ez dutela aurrera egiterik bakarrik egonik, eta hiru urteren buruan berriz gobernura heldu hutsak ez dituela arazoak konpontzen berez. Koiunturaren gordinaz jabetu dira estrainekoz.
Eta gogotik ala gogo txarrez, kontua da EH Bilduk aspalditxo plazaratu zituen gai nagusiak (eta gai horietan dituen jarrera aurrerazaleak) kontuan hartzen hasi dela EAJ, aurretik zeukan jarrera irmotik nola edo hala mugitzen hasita.
Agintariei eska dakiekeena agintzea da. Eta agintzen duenari exiji dakiokeena da gainontzekoak aintzat hartzea. Ez bakarrik legebiltzarrean dauden alderdi politikoak. Bestelako indar politikoak, eragile sozialak, sindikatuak eta herri eragileak ere aintzat hartu behar ditu.
Gaztelaniaz esaten da, "todo para el pueblo, pero sin el pueblo”, baina jatorrizko esaldia da "tout pour le peuple, rien par le peuple", hau da, “dena herriarentzat, baina ezertxo ez herriarengatik”. Ez dadila izan Jaurlaritzaren leloa.
Alderdi politikoekin izandako bileraren hasieran eta amaieran kamara eta kazetari ugari zeuden hamar emakume-gizoni begira, gizon-emakume horiek izan balira bezala eguneko protagonistak. Protagonismoa, ordea, kamaren atzealdean dago, egiazko soluzioen zain dauden milaka eta milaka pertsonen aldean.
Prentsaren ikuspuntutik ikusgarriagoa izan daiteke grabatzea nola igotzen dituzten hamar eskailera hamar politikarik. Baina ez da estetika garaia. Etika garaia da. Eta etikoki fokoak jarri behar ditugu langileei eta langabeei begira.
Laura Mintegi idazle, irakasle, kazetari eta legebiltzarkide algortarrak atzo bere blogean argitaratutako artikulua.