1984 urtea zen Bilbora, Kantauri itsasaldeko beste hainbat hiritara bezala, industria-birmoldaketa plana etorri zenean Felipe Gonzalezen gobernuaren eskutik. Plan honen ondorioz, ontzigintza sektoreko jende ugari kaleratua izango zela ikusi zuten, eta Bilboren kasuan, “Euskalduna” ontziola ixteko arriskua nabaritu zuten langileek.
Horren harira, Euskal Herriko langile mugimenduaren baitan gertaturiko borrokaldirik sutsuena eta ezagunenetarikoa gertatu zen.
Egoera ikusirik, grebak eta protestak burutu zituzten langileak eta hauekiko elkartasuna erakutsi zuten beste hainbat herritarrek. Hala ere, orduko gobernuak ez zituen kontuan hartu hauen aldarrikapenak, eta hauteskundeetan lorturiko gehiengo absolutua baliatu zuen plana aurrera eramateko.
Hala ere, Euskaldunako langileek ez zuten etsi, eta beraien lanpostuak ahal zuten eta ondoen defendatzeari ekin zioten denbora luzez. Ontziola hartu eta barrikadak jarri zituzten Deustuko zubian, non benetako gudua hasi zen poliziaren eta langileen artean. Horretaz gain, egunero manifestazioak burutzen zituzten, Madrilera joaten ziren eta gose-grebak egiten zituzten.
Azaroaren 23an, polizia nazionala ontziolara sartu zen, bertan zeudenen aurka sua eta tiroak erabiliz eta haietariko ugari zaurituz. Izuak harturik, langileak ihesi hasi ziren, eta ontziola hartan eraikiko zen azken itsasontziaren barruan ezkutatu ziren, beraien buruak babesteko asmoz. Horixe bera zen Pablo Gonzalezen asmoa, baina inoiz ez zuen barku hartan sartzerik lortu, izan ere, tiro hotsak eta ihes egin beharrak eragindako beldurrak bihotzekoa eragin zion, eta ondorioz, bertan hil zen 54 urteko langilea.
Azkenean, langileen borroka sutsuak ez zituen esperotako fruituak eman, espainiar gobernuak Euskalduna ixtea lortu baitzuen, 3.000 pertsona baino gehiago langabezian utziz. Eraikin hura bota egin zuten, eta 1990ean “Euskalduna Jauregia” inauguratu zuten bertan. Ontziolaren jardueraren beharra zuten enpresa txiki ugari ere itxi egin behar izan zituzten, lan-eskasia zela eta.
"La batalla de Euskalduna" 1985eko film dokumentala (© Jose Angel Pascual)
La batalla de Euskalduna from odo on Vimeo.