Egun osoan zehar, umeentzako jolasak, azokak, berbenak, dantzak eta txistulariak izango dira jaia girotzen, eta ohi bezala, kontzertuek ere leku garrantzitsua beteko dute.
Goizetik Makala eta Oihan Vega arituko dira musika jartzen, eta eguerditik aurrera hainbat euskal talderen kontzertuak egongo dira. Hala, Gatibu, Emon, Trikizio, Zarama, Hesian, Skasti, Dangiliske eta Kherau taldeen musika entzungo da. Kherau folk boskoteak Ibilaldiko kanta harilkatu du, Itzubaltzeta / Romon jaio eta Urdulizen bizi den Aitor Esteban (Baju elektrikoa), Gaizka Andollo (kajoia, djembea eta perkusioa), Iker Lopez de Bergara (ahotsa, alboka eta txirula), Ibon Ordoñez (ahotsa, gitarra, mandolina eta bouzoukia) eta Alex Garcia (trikitixa) ohiko elkarlanean aritu direla. Horretarako, Gatibuko Alex Sardui, Hesiango Zuriñe Hidalgo eta Vendettako Pello Reparaz zein Ruben Antonen laguntza izan dute. Bideoklipa, berriz, Fernando Valgañon zuzendu du artisau-eran, ikastolatik irten gabe. Halere, makina bat ume, guraso, ikasle ohi eta irakasle ibili dira bideoa prestatzen.
Zirikot dantza
Egunean zehar makina bat kontuz gozatzeko aukera izango bada ere, dantza maite dutenek ezinbesteko hitzordua izango dute, arratsaldeko 4etan. Izan ere, ordu horretan Getxo, Hego Uribe eta Ezkerraldeko Dangiliske taldearen erromerian Ibilaldiko Zirikot dantzaren aurkezpena egingo dute, Asti leku ikastolan.
2012an dantza bat sortzeko eskatu zion Danetarako Danok Taldeari Trapagarango Ibilaldiko batzordeak. Dantzariak, eta musikariak elkartu egin ziren helburu horri begira. Lan horren emaitza Zirikot Dantza izan zen. Guztien artean sortutakoa. Aste batzuez ibili ziren ateratako hainbat proposamen aztertzen. Sormen lanetatik eratorritako ideiak ez baztertzearren hiru melodia mantentzea erabaki zuten. Horrela sortu zen Zirikot, hiru melodia eta bakoitza dantza estilo batekoa. Dantzariek pausuak sartu zituzten eta musikaren erritmoa moldatu egin zuten.
Partitura hau osatu zuten musikariak Trapagarango Danetarako Danok Dantza Taldean jaio ziren. Tradizioarekin eta sormenarekin bat egin izan dute betidanik. Garai batean musika talde propioa izan zuten, Zirikot izenekoa. Ibilaldirako dantza hau izan da taldea utzi zutenetik sortu duten lehenengo abestia. Hori dela eta, Zirikot izena.
Iazko lekukoa hartuta, aurten Portugaleteko Asti leku ikastolan 16:00etan Dangiliskeren erromerian Ibilaldiko dantzaren aurkezpena egingo da. Errepertorioaren lehenengo dantza izango da eta ahalik eta jende gehien bildu nahi dute aurkezpenerako. Horretarako Trapagarango Danetarako Danok taldea, Portugaleteko Elai Alai eta Santurtziko Bihotz gaztea dantza taldeen dantzariek hartuko dute parte.
Eguraldia
Aspaldian lainoak eta euria izan dira nagusi, baina Euskalmet Meteorologia Zerbitzuaren eguraldi iragarpenaren arabera, gaur eguzkia nagusituko da zeruan. Eguzkiak giro goxatuko du, eta tenperatura beroenak 17-19 ºC-ren bueltan kokatuko dira.
Mapa
Egitaraua
"Aldapa leunduz" abestiaren bideoklipa (© Kherau - Ibilaldia)
Zirikot dantzaren aurkezpena (© Dangiliske- Itturri)