Arratsaldean agurtuko dute Joseba Kanpo zena, Ibaiondon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 28a, 15:19

Joseba Kanpo Lasuen atzo goizaldean hil zen Deustuko IMQ erietxean, gaixotasun baten ondorioz, 58 urte zituela. Itzubaltzeta / Romon bizi bazen ere, Bilbon sortua zen eta Otxandioko semetzat zuen bere burua, amaren familia han zuela. Kanpo euskalgintzan aritu zen gaztetatik, Korrika euskararen aldeko lasterketa sortu eta lehenengoz antolatu zuen taldeko partaide eta arduradunetako bat izan zela. Handik hona Korrikarekin harreman estua izan zuen eta pasa den edizioan ere, lekukoa metro batzuk eraman zituen, Areeta eta Itzubaltzeta / Romo lotuz, hil berria zen bere bikotekide Lourdes Artetxe Uribe Kostako AEK-ko irakasle historikoaren omenezko kilometroan. Korrikaz gain, AEKn hamaika urte eman zituen irakasle eta koordinadoraren Uribe Kostako arduraduna eta Bizkaiko Zuzendaritzako kidea ere izan zen. Enpresagintzan ere, komunikazio munduan aritu zen makina bat urtez Invescok sortutako Doble Sentido agentzian. Halere, herriko jarduera kulturalerako astia ere bilatzen zuen Joseba Kanpok, lagunekin Kaskarria fanfarrean aritzeko. Gaur arratsaldeko 7etan, azken agurra emango diote, gorpua aurrean izango dela. Ekitaldia Leioako Ibaiondo auzoko Santa Ana beilatokiaren kaperan izango da, Areetako metro geltokitik gertu. Agur-omenaldia, ordea, ostiralean, hilak 31, egingo diote Otxandioko eskolan, arratsaldeko 7etan. Argazkian, Joseba Kanpo saxoa jotzen, Kaskarriaren Animal Tour 2 emanaldian.

Lehen Korrika

Lehenengo Korrika 1980an egin zen azaroaren 29tik abenduaren 7ra, Oñatitik Bilbora. Honela azaltzen da “Euskal Herria Korrika” liburuan Korrikaren sortze prozesua: "Gure kulturaren munduan sarri asko gertatu ohi den bezala, diru beharra izan zen bultzagile nagusia. Bai Euskarari bezalako kanpaina batek izan zuen arrakasta ikusirik, AEKren aldeko kanpaina bat biribiltzea pentsatu genuen.

Orduko AEK barneko giroa erantsi behar zaio horri. Ipar Euskal Herrian AEK eratu berria zen eta euskalduntze-alfabetatze taldeak bere alternatiba erakutsi beharra zeukan: irekitasuna, jendearen parte hartzea, lurraldetasuna... Euskararen presa ere islatzen zuen etapaka egin zitekeen lasterketa batek, Euskal Herria osorik hartuko lukeena.

Bai Euskarari kanpainan parte hartutako jendearekin bildu egin behar, ea ideiarik sortzen zen ikusteko, eta afaria izan zen aukeraturiko egokiera (...). Ideia zehazki non jaio zen zehazterik ez badago ere, badirudi Algortako mahai haren inguruan eman zitzaiola forma. Julen Kaltzadak gogoratzen duenez, lehenagotik, Gasteizko bilera batean hitz egin zen gaiaz. Ideiak lehenago hezur eta mami gehiago edo gutxiago, kontua da goizeko zazpiak arte egon zirela Albaro Gurrearen Algortako etxean Gurrea bera, Joxepe Zuazo, Natxo de Felipe, Joseba Kanpo, Urtsa Errazti, Bittor Artola eta Enrike Ibabe. Afari honetatik jaiotako haurra ez zen nolanahikoa izan, ondorioz gauzatu zen Korrika Euskal Herria kanpaina nolanahikoa izan ez zen legez”.

Joseba Kanpo azken Korrikan eta Lourdesen omenaldian (© Korrika - AEK)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun