[©
Martin Garitano Larrañaga - Naiz.info] Hamazortzi urteko gazte koskorra nintzala ezagutu nuen Joseba, ‘Oskor’, AEK-ko Diputazio Kaleko egoitza ia mitiko hartan. Korrikaren bigarren edizioa prestatzen ari zirela laguntzeko deitu ninduten eta harrez gero… zenbat barre, zenbat kantaldi, zenbat beldur, zenbat negar… Bilbo, Erromo, Deustu, Otxandio, Zazpi Kaleak, Arrasate, Bergara, Redondela… zenbat eskenatoki, Joseba, zenbat! Latza, oso latza egiten zait Joseba Kanpori buruz iraganean hitz egitea, baina egia da: Joseba joan zaigu. Aurretik Andoni, Miren, Jon, Txomin, Sabin, Josu, Abisinio, Judas… eta Lurdes joan zaizkigun moduan. Euskalgintzari, Euskal Herriaren erainkuntzari, Ezker Abertzaleari hainbeste eman dion Josebak utzi egin gaitu. Eta triste, oso triste utzi gaitu, oraindik orain bere bihurri-barreak danba-danba entzuten ditugularik Erromoko kaleetan barrena. Egun handirarte Joseba. Eusko lurrak besarkatu zaitzala! Argazkian, Martin Garitano Itzubaltzetan,
Lourdes Artetxe AEKko irakasle eta Kanporen bikotekidearen omenaldian.
Martin Garitano Larrañaga Gipuzkoako ahaldun nagusiak atzo Naiz.info digitalean argitaratutako artikulua.