Hezkuntzan, unibertsitateaz kanpoko zentro publiko, pribatu eta itunpekoetara sartzeko aukera bermatu beharko zaie ikasle guztiei. Geriatrikoetan, langileen %50 aritu beharko da, jatorduetan %60, eta adingabekoen zentroetarako %100eko zerbitzua ezarri dute. Bestalde, Adegi patronalak egun horretarako deituta zuen Enpresaren Eguna mantendu izana eta Espainiako Ekonomia ministro Luis De Guindos gonbidatu izana –azkenean ez dela etorriko adierazi du De Guindosek– "iraingarria" eta "probokazioa" dela uste dute sindikatuek eta Legebiltzarrean ostegunerako aurreikusitako bilkura atzeratu ez izana ere gaiziki ikusi dute.
ELA, LAB, ESK, EILAS, CNT eta CGT sindikatuek deitu dute greba orokorrera ostegun honetarako eta hainbat gizarte eragileren babesa dute. Murrizketen kontra eta enpleguaren alde egin dute deialdia, baita bestelako euskal eredu ekonomiko eta sozialaren alde.