Eskubide sozial eta laboral duinak aldarrikatzeko ez dira gutxi izango biharko greba egunean Uribe Kosta eta Erandion egingo dituzten mobilizazioak eta protestak. Lehen ordutako pikete informatiboez eta herri apainketez gain, besteak beste, kotxe karabana eta bizikleta martxa abiatuko dira Bilbora, 12:30ean Moyua plazatik irtengo den lurralde mailako manifestazioan parte hartzeko. Uribe Kostako langileek osatutako zutabea Deustuko plazatik abiatuko da. Arratsaldeari dagokionez, eskualdeko herrietan izango dira mobilizazioak: 18:00etan, manifestazio zaratatsua Algortako Telletxe plazan; Leioan, 18:00etan, Bulebarretik; Erandion, 19:00etan manifestazioa, metro geltokitik abiatuta; eta Itzubaltzeta / Romon, 19:30ean, Santa Eugenia plazatik. Plentzian ere manifestazioa egingo dute 18:00etan portutik abiatuta, oraingo honetan Berango, Sopela, Urduliz, Barrika, Plentzia, Gorliz eta Lemoizko greba batzordeek deituta. Argazkian, 2012ko martxoaren 29ko greba orokor egunean, 500 lagun inguruk egin zuten manifestazioa arratsaldez Algortan.