Atzo gauean eta gaur goizaldean Plentzia, Gorliz, Donostia eta Ondarroako hamar banketxeri eraso egin diete ezezagunek, "kale borrokan ohikoak diren moduak erabilita", EFE albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Azken udalerri horretan izan da gertaerarik larriena, burua estalita zeramaten hainbat lagunek Artabide kaleko La Caixa, Caja Laboral, BBVA eta BBKren egoitzen leihoak apurtu baitzituzten harriekin eta mazoekin, aipatu iturrien arabera. Plentziari dagokionez, pinturaz betetako puxikak jaurti dituzte BBVA, Kutxabank, La Caixa eta Iparkutxaren kontra, Ertzaintzak eta tokiko Udaltzaingoak EFEri adierazi dionez. Horretaz gain, ondoko leloak pintatu dituzte, espainolez: "Lapurrak", "Gorriak ikusiko dituzue" eta "M30 Greba orokorra". Gorlizen ere biharko greba orokorraren aldeko margoketa egin dute BBVAren egoitzan. Argazkian, etxe-kaleratzeak salatzeko, Itzubaltzetako BBVA eta BBKren beirak apurtu zituzten otsailaren 15ean.